ARNAITZ GORRITI
HERRI KIROLAK

‘Txikia IV.’ak airean irabazi du Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketa

Iker Vicentek utzitako lekua nagusitasunez hartu du Julen Alberdi azpeitiarrak, Eneko Otañoren eta espero baino eskasago aritu zen Mikel Larrañagaren aurretik. Emakumeen artean, berriz, Nerea Arruti urnietarrak ez zuen arazorik izan txapela irabazteko.

Julen Alberdi, pozarren, eta aurkariak lanean.
Julen Alberdi, pozarren, eta aurkariak lanean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbao Arena pabiloiak saskibaloia albo batera laga zuen atzo behin-behinean eta aizkolaritzari tartea ireki zion, Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketaren finalarekin. Azkenean Azpeitiko Julen Alberdi ‘Txikia IV.’a nagusitu zen, eta berak bete du Iker Vicentek lagatako hutsunea. «Otañok eta Larrañagak oinbikoetan gehiago estutuko nindutela pentsatzen nuen, baina ez da hala izan, eta azken kana-erdikoetan gozatu ahal izan dut», adierazi zuen txapeldun berriak.

Hasiera batean azpeitiarren arteko norgehiagoka izango zela konfirmatuko zela ematen zuen, Alberdik eta Larrañagak berehala utzi baitzituzten atzean Otaño eta gainontzekoak.

Alabaina, Larrañagak bere mailaz behetik jokatu zuen eta, bukaeran, Alberdiren erritmoa ezin jarraitu ez ezik, Otañok berak ere aurrea hartu zion azken enborretan.

NEREA ARRUTI ETA JAIA

Orotara hiru mila ikusle inguru bildu zituen Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketak, eta hiru ordu iraun zuen ikuskizunak denetarik izan zuen.

Hasteko, zutikako enborretan Eneko Saralegik eta Julen Kañamaresek erakustaldia eman zuten, indarra eta abilezia uztartuz.

Emakumeen txanda izan zen ondoren: Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi. 45 ontzako lau enbor bota behar izan zituzten. Lehenengotik Arrutik aurrea erraz asko hartu zuen, Euskal Pentatloiko txapeldun ez ezik, aizkolaritzan ere onena bera dela erakutsi nahian. Harexek hartu du bederen palmaresean Karmele Gisasolaren lekua.

Hirugarren enborrean enbor-begi petral askoa egokitu arren, Urnietakoa bikain moldatu zen, eta bi minutuko aldea pasa atera zien bere bi aurkariei. Astondoaren eta Ansorregiren arteko lehia, aldiz, bizkaitarrak eraman zuen, Ansorregiren aurretik.

Osterantzean, Zea Mays, Zetak eta Süne taldeen saio bereziak ere izan ziren eta, hala, hiru ordu inguruko ikuskizuna osatu zuten, aizkolaritzaren aire berriak erakutsiz.