«Baskoiek beren hizkuntzan idatzi zutela baieztatzen du Irulegiko piezak»
Aurkikuntza «benetan garrantzitsua» eta «ezohikoa» izan da Irulegiko brontzezko eskuko inskripzioa aztertu duten adituentzat. Javier Velaza eta Joaquin Gorrochategui dira. Lehena, Filologia Klasikoan katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean; eta bigarrena, Euskal Herriko Unibertsitateko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna.
Javier Velaza eta Joaquin Gorrochategui katedradunek Irulegiko brontzezko eskuaren aurkikuntzak duen garrantzia azpimarratu zuten GARArekin izandako elkarrizketan. Agertu zutenez, «baskoiek beren hizkuntzan idatzi zutela baieztatzen du».
Velazak nabarmendu zuen «zalantzarik gabe hizkuntza baskoian idatzitako lehendabiziko dokumentua» dela eta, gainera, «segur aski baskoia den signario edo zeinu multzo batez». Testua transkribatzean, «lehendabiziko hitzak, ‘sorioneku’ honek, hizkuntza baskoian irakurketa eta interpretazio hagitz argia eta berehalakoa duela frogatzean» hartu zuten ezustea ere adierazi zuen.
Bistan da
Lehendabiziko hitz horrek testua baskoia dela interpretatzera eraman ditu. «Egia da gainerako hitzak ez direla berehalakoan ulertzen eta hipotesiak egin behar direla, baina begien bistakoa da, aurreneko lerroaren irakurketatik, testua zein hizkuntzatan idatzita dagoen».
Aranzadik egindako aurkikuntza «benetan garrantzitsua» da, duela urte gutxira arte «uste baikenuen antzinako baskoiek ez zutela sekula beren hizkuntzan idatzi. Azken urteetan aurkikuntza batzuk egin ditugu, ebidentzia batzuk topatu ditugu, agian kultura epigrafiko bat ezagutu zutela erakusten dutenak, hagitz zabala ez agian, baina kultura epigrafikoa ezagutu zuten behintzat».
Alde horretatik, «Irulegiko piezak berresten du baskoiek beren hizkuntzan idatzi zutela», azaldu du Velazak. «Gainera, inportatutako sistema baten egokitzapen propio bat zen sistema grafiko bat erabiliz egin zuten hori». Adituaren iritziz, horrek aparteko garrantzia du, eta antzinako baskoien kulturari eta gizarteari buruz genituen usteen zati handi bat zalantzan jartzera garamatza.
«Bihotzak buelta eman zidan»
Joaquin Gorrochategui EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna antzera mintzo da. Oroitu zuenez, piezako testua lehen aldiz irakurri zuenean «bihotzak buelta» eman zion, aurreneko hitza ulertu zuelako. «Eta oraindik buelta gehiago eman zizkidan bihotzak, jarraian datozen hurrengo hiru lerroak ilunak iruditu zitzaizkidalako. Hala iruditzen zaizkit oraindik».
Testua «indusketa erregular batean» topatu dutela nabarmendu zuen Gorrochateguik, «Irulegin, hau da, baskoien lurraldearen bihotzean». Horretaz gain, hagitz ezaguna den kronologia batean idatzita dago, sistema paleohispaniar batean; alegia, ez dago idazkera latindarrean idatzita, ezagutzen ditugun testigantza baskoi gutxi batzuk, onomastikoak, dauden bezala».
Gorrochateguirentzat «aparta da hori», batez ere ez zutelako espero halakorik aurkitzea. Izan ere, «kasik konbentzituta geunden antzina baskoiak analfabetoak zirela, iberieratik idazten oso gutxi ikasi zutela, txanpon batzuk egiteko, eta ondoren erromatarren idazkera hartu zutela, eta, hortaz, alfabeto latindarra».
Horrenbestez, inskripzioak «erromatarren aurreko mundura» garamatzala azaldu du katedradunak.
«Egia da testua garai hartako erromatarren eta baskoien arteko talkatik datorrela hain zuzen ere, baina bere lengoaiara darama, bere idazkerara, bere mundura. Zoragarria da mundu horretako testu bat izatea», adierazi du.
Aditua seguru dago aurkikuntza honek «urte anitzetan zeresan handia» emanen duela .