GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Euskal selekzioaren haria eten egin da

Bi urte igaro dira gizonezkoen taldeak azken aldiz jokatu zuenetik eta ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena ere itzalita geratu da.

Muniainek gola sartu zuen Costa Ricaren aurka. (Raul BOGAJO | FOKU)

Nazioarteko txapelketa berri bat jokatuko da Qatarren hurrengo asteetan eta euskal selekzioak ez du parte hartzerik izango. Zaleei amets egitea besterik ez zaie geratuko beste behin ere; jokalari ezberdinekin gustuko taldea osatu eta emango lukeen mailaren inguruan hausnartzea: Europako Uruguai bat izango litzateke, Kroaziak bezala jokatu ahalko luke, edo Gales, Irlanda eta Eskoziaren parean ibiliko litzateke... Batek daki, argi dagoena da goi mailako jokalari eta entrenatzaileak daudela Euskal Herrian eta Munduko Txapelketa edo Eurokopa batean egon ezin horren arrazoia ez dela kirol kontua.

2020ko abenduan UEFAko eta FIFAko kide berria izateko eskaria egin zuen futbol federazioak eta ezezko erantzuna jaso ostean, epaitegietan helegitea aurkezteari uko egin zion. Irailean hildako Luis Mari Elustondoren zuzendaritzak eman zuen pausoa, baina 2021eko martxoan egindako hauteskundeen ondoren Javier Landeta buru duen taldeak ordezkatu zuen.

SAIAKERAK

Dagoeneko bi urte igaro dira gizonezkoen euskal selekzioak azken aldiz jokatu zuenetik. Ipuruan izan zen eta 2-1 irabazi zuen Costa Ricaren kontra. Iker Muniainek eta Unai Nuñezek korner bidez egin zituzten golak. Pandemia garaia zenez, harmailetan zalerik gabe jokatu zen. Iazko Gabonetan berriro jokatzekotan egon ziren, baina egin diren azken saiakerek ez dute aurrera egin. Futbol federazioak ez du azalpen handirik eman nahi izan eta partidak antolatzeko asmoa berretsi du.

Azken bi hamarkadetan izan dira euskal selekzioaren beste geldiune edo etenaldi zenbait, baina oraingoan ez da igartzen indarberriturik atera daitekeenik. Euskadiko Futbol Federazioa 90eko hamarkadan hasi zen gizonezkoen euskal selekzioaren partidak antolatzen eta sekulako arrakasta lortu zuen; festa eta aldarrikapen giroko urteroko hitzordua bilakatu zen. Baina ofizialtasunaren bidean, pauso gehiago eskatu zituzten jokalariek eta desadostasunak sortu ziren federazioarekin.

2008 eta 2009an ez zen partidarik antolatu. Berreskuratu ostean, zaleen artean indarra galtzen joan zen eta 2016an pauso berriak eman behar zirela ondorioztatu zuen federazioak. Horrela, UEFAn eta FIFAn onartuak izateko eskaria bideratu zuen. Aldi berean, 2018an Mendizorrotzan jokatu zuten Venezuelaren aurka (4-2) eta Panamara egin zuten bidaia 2019an (0-0).