NOV. 18 2022 KOLABORAZIOA Fite (29 urte barru), hezkuntzaren partida gaur delarik Nora SALBOTX ALEGRIA Alexandra Kollontai boltxebike errusiarrak Gabon-ipuin utopiko ederra idatzi zuen 1922. urtean (bai, idazki honen izenburua harenaren omenaldia da, bistan denez). Bertan xumeki jorratzen dira gaur egun ekosozialismo, energia berriztagarri, zaintza, soiltasun, desazkunde, ekitate, desfamiliarizazio, aberastasunaren banaketa, hezkidetza, erronka zientifiko, sormen askatasun, gobernantza partekatu, gazte antolakuntza eta haurren kultura deituko genituzkeenak. Aurten, baita ere, mendeurrena egin du Antonia Maymon pedagogo anarkista, feminista eta naturalista aragoiarrak salatu zituela oroimenezko ikaskuntza, irakaskuntza autoritarioa eta hezkuntzaren merkantilizazioa. Berdin, mende bat, solastatu zela buruari zein gorputzari arreta paratuko zion heziketa integralaz, naturaren ezagutzaz, ikaskuntza esanguratsuez zein ikasleen subjektutasun aktiboaz. Ehun urte bete dira ere Pepita Uriz nafar pedagogo komunistak diziplinazko espediente bat jaso zuela. Hura Margarita Nelkenen irakurgai feminista bat proposatzeagatik izan zen, Lleidako Eskola Normaleko bere ikasleei aholkatutakoa hain zuzen ere. Zigor horren ondorioz sortutako kalapitak Hezkuntza ministroaren dimisioa ekarri zuen gerora, izan ere langile mugimenduko kazetek zein garaiko intelektual ezagunek erabateko babesa adierazi baitzioten irakasle nafarrari. Urte berean, 1922an, sortu zen Emakume Abertzale Batza, zeinari zor diogun Euskal Herriko lehen hezkuntza mugimendu antolatuaren sorrera, hala nola euskal hezkuntzagintzaren aldeko militantzia molde bat, bide bat izanen zena dudarik gabe, baina, haiek aurreikusi gisara, nazio askapenerako borrokan tresna ere beharko zukeena aldi berean. Gainera, testuliburu eta materialgintzan, metodologien berrikuntzan eta didaktiketan (begira euskara idatziarena, adibidez) aritu ziren jo ahala jo. Jite naturalista argia izan zuen haien pentsamenduak, aski eder jasota Julene Azpeitia maistra abertzale zumaiarraren hitzetan, zeinaren ustez, haurrek, «ludiko belar, zuhaitz eta lore guzti-guztiak» bezalaxe, eguzkia, haizea eta ura hartzeko beharra baitzuten. Aitzineko autoreak geografikoki zein ideologikoki urrun leudekeen arren, 2022 akabera honetan, gaurko Euskal Herriko hezkuntza komunitate zabalari zilegi zaizkion tradizio pedagogiko-politikoetan zangoak pausatzen dituztela otu zaigu. Lauko txirikorda horretan, emakume bidegileen intersekzio horretan beraz, jasota daudela gure kezkak ere. Alta, ehun urte pasatu direnean, orduan utopiari begira egindako ekarpenak zirenak gaur den egunean gauzatuta beharko lukete, baita gaindituta ere salatutako haiexek. Eta ez da hala. Are, ez dirudi horietako anitz hezkuntza politikarako instituzioen zein eragileen agendetan daudenik ere. Ez genuke, Frantz Fanonek salatu gisara, joan ziren garaien erromantizazio eta nostalgian erori nahi, ezta, bistan dena, diktadura faxista baten ondorioz eratorritako hezkuntza inboluzioa ahantzi, zuritu eta barkatu nahi ere. Aldiz, uste dugu hezkuntza utopiari ebasten ari zaizkion pusketen ardura gure gain ere badagoela, ahaldundutako narratiba berriak behar ditugula eta, Layla Martinezek dioen gisan, biziki optimistak eta erradikalki pragmatikoak izatea baizik ez zaigula gelditzen. Alternatiba badago, ekintza bitartez sinetsi eta sinetsaraztea dagokiguna; utopia, zuek utopikoek, guk utopikook, bidea (eta bortzegiak!) urratuz egitea. Espazio eta aukera berriak zabaltzeko tenorea da, beraz, non jite kualitatiboko -pedagogiko zein politiko- hezkuntza erronkei denbora eskaintzen ahalko diegun eta elkarrekin pentsatu nola erauzten ahal ditugun patriarkatuaren, neoliberalismoaren, arrazismoaren eta espainiar zein frantziar estatuen kolonizazio eta zurrupatze nahikeriak. Gainera, hezkuntzan gailentzen ari den paradigma estraktibista azalarazi beharko dugu, eztabaidara ekarriz gaurko hezkuntza jardueraren zati handi bat nola espazio birtual pribatuetan gertatzen ari baiten, dena delako sareko ikastetxean gaudelarik ere. Problematizatuz ere gure gorputzen eta subjektibotasunen gaineko ezabaketa, edota zaintzaren pedagogia, memoria, elkartasun eta internazionalismoaren zein ekogaitasun eta jarrera biofilikoen falta curriculum, harreman eta prozesuetan. Beraz, zenbaitzuk azkarki sustatutako kritikotasun eza borrokatuz. Gure hezkuntza sakonki instrumentalizatu honetan, non Finlandia bezalakoxeak izan nahi dugun baina ezberdintzen gaituena aski potoloa, tragikomedia itxura hartzeraino ia, azpimarratu ohi dugun, ez genizkioke bertze 29 urte ebatsi beharko utopiaren bide-xendari. Orain da partida jokatzeko tenorea. Fite utopia. Si hay alternativa, la que nos toca hacer creer y creer a través de la acción; la utopía, que lo hagáis rozando el camino (¡y las