GARA Euskal Herriko egunkaria

Kolonia


1979ko uda du abiapuntu Audrey Mageeren “The Colony” (Kolonia, 2022) nobelak, Irlandan indarkeria politikoa nagusi den garaian. Lloyd margolari ingelesa Irlanda mendebaldeko kostaldeko uharte batean lehorreratu da. Kritikaren laudorioak jasotzeko obra bat osatzeko asmoz heldu da izenik gabeko uhartera, paisaia “otzandu gabeek” inspiratuko dutelakoan. Handik aste batzuetara bigarren bisitari bat jasoko dute tokikoek, “benetako” irlandera aztertu eta babestu nahi duen Jean Pierre Masson hizkuntzalari frantsesa. Hasieratik argi dago bi atzerritarren arteko ezin ikusia, bata bestearen jarrera koloniala azaleratzeko prest beti baina batak besteari egiten dion kritika bere buruari aplikatu ezinik. Egonaldiagatik Lloydek eta Massonek ordaintzen duten dirua mesedegarri zaien arren, tokikoek ez dute ez bataren ez bestearen alde egiten. Tokikoek beren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren gainean iritzi propioak dituzte; ez dira ahobatezko iritziak, belaunaldien arteko talka nabari da zenbait konturen gainean. Baina bisitariei gutxi axola zaie tokikoek zer uste duten, nola gobernatu nahi duten beren burua eta nolako harremanak izan nahi dituzten irlakoak ez direnekin. Lloydek eta Massonek aldez aurretik erabakita dute hori . Tarteka garai bertsuan indarkeria politikoak eragindako biktimen azken bizitza-uneak jasotzen dituzten pasarteak agertzen dira, kolonialismoaren eta hari emandako erantzunaren ondorio bortitzak agerian utzita.