NOV. 20 2022 KOLABORAZIOA Konpromisoa, borroka, herria Garazi PIZARRO eta Paul LAKA &hTab; Gaur 38 eta 33 urte betetzen dira Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenetik. Beraiek hil zituzten, baina bien gorputzetan sartu ziren balek herri oso baten esperantza itotzea zuten helburu. Ez zuten lortu. Hemen gaude, eta irabaztera goaz! Garai hartan asko zuen jokoan Euskal Herriak. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko aukerak parez pare zabaltzeko lanetan ziharduen ezker abertzaleak. Herri oso bat zegoen kalean lanpostuen defentsan. Komunitate oso bat bere hizkuntza eta kulturaren aldeko lan nekaezinean, nuklearrik gabeko Euskal Herri baten alde borrokan. Beste herriekiko elkartasuna antolatzen, gerren logikatik at bakean eta elkarrizketan oinarritutako mundu justu baten defentsan, NATOri ezezko biribila emanez. Orduko borrokek badiraute, baina perspektiba globala beste bat da. Gure herriarena ez ezik, munduaren etorkizuna dago jokoan. Zibilizazio eta kultura aldaketa oso bat eskatzen du momentu honek. Eta Euskal Herrian bulkada komunitario sendo bat behar dugu, mundu global honetan korronteak eramango duen intxaur oskola anonimo bilakatu nahi ez badugu behintzat. Jada bizi dugun krisia ez delako krisi ekonomiko soila, zaintza krisia, krisi ekologikoa edota demografikoa. Sistema bera dago krisian, eta biziraupena bera dugu jokoan. Mundu berri bat sortzeko momentua da. Egiten dugunaren araberakoa izango da mundu hori. Ez dezagun beraiek hasitako bidea galtzen utzi. Gaur borroka egiten dugunok ulertu behar dugu betiko asmo askatzaileek molde berriak hartu dituztela. Sistemak berak garatu ditu forma ezberdinak, gure bizitzaren eremu berriak kolonizatu dituen heinean, bidezkoa ez zen sistema bideraezin bilakatzeraino. Guri dagokigu, orduan erantzun baikor bat ematen jakin zuten moduan, gaur gauza bera egitea. Nazio askapen mugimenduaren ur emariari bestelako erreka batzuetatik datorren ura gehitzea, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria den amets konpartitua jende gehiagorekin eraikitzeko. Iparrorratz izanez konpromisoa, herria eta borroka. Santi eta Josu herriaren alde dena emateko konpromisoa erakutsi zuten militanteak izan ziren. Herri mugimenduan inplikatuz, ardura instituzionalak bizkar gaineratuz, lan komunitario nekaezina garatuz. Horregatik dira herri honen askatasuna helburu dugun guztion eredu, konpromisorik gabe ez dagoelako etorkizunik. Ezker abertzalea izan behar den horren ispilu dira. Borrokaren ispilu, merezi duenaren seinale. Borrokatzea delako gehiengoen beharrak asetzeko indarrak antolatu eta estrategia egokiak diseinatzea. Proposamen zehatzak egitea, baita ezinezkoarekin amestea ere. Gaur eta hemen, borrokatzea piketeetako lehen lerroan egotea da, bizitza duinen aldeko zaintza sareak antolatzea, udaletik komunitate energetikoen sorrera indartzea, erantzuleak seinalatu eta krisia kapitalak ordain dezan lehiatzea. Eta ezin ehunka pultsu askatzaile zahar-berri horiekin bat egin, herriarekin berarekin bat egin gabe. Santi, Josu, herriari emanak zineten, eta jada herriarenak zarete. Horixe bera izan behar du egungo ezker abertzaleak, inoiz baino gehiago, eta beti bezala, herri. Interes kolektiboak gainjarriz, gure indarrak langileriaren eta sektore herritarren zerbitzura jartzeko. Boterea lehiatuz, berau demokratizatzeko. Zuek egin bezala, Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldun baten alde borrokan jarraituko dugu. Zuek egin bezala, herriaren zerbitzura jarriko ditugu indarrak, komunitatearen alde. Zuek bezala, hau guztia herriarekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu.