Amaia U. LASAGABASTER
EUSKAL DERBIA SAN MAMESEN

Eguraldiak eskaini ez zuen giroa talde bietako zaleek jarri zuten

Kalean eguerditik eta Xabi Solanok deituta San Mamesen zazpietatik, zaleek euskal futbolaren festa luzearekin gozatu zuten.

Futbol-zelai txikiak jarri zituzten San Mames inguruan.
Futbol-zelai txikiak jarri zituzten San Mames inguruan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Futbola, euskara, musika, jokoak, jan-edana... eta euria. Hotza eta ura euskal futbolaren festara gerturatu ziren, baina eguraldiak eskaini ez zuen giroa zaleek jarri zuten.

Klub bilbotarrak antolatutako Athletic Plazara ekimenak mota guztietako jardueraz betetako egitaraua eskaini zuen eguerditik aurrera eta bufanda zuri-gorri zein zuri-urdin, ahobizi zein belarriprest txaparekin, familian zein kuadrillan, adin guztietako lagunak aterkia hartu eta festan murgildu ziren, euriak utzi zuen neurrian.

Partida hasteko ordua gerturatu ahala zelaiaren kanpoaldea betetzen joan zen eta zazpietatik aurrera, Xabi Solanoren eta Zigor DZren musikak San Mamesera sartzeko eta, bidez batez, euskaraz bizitzeko deia zabaldu zuen. Athleticen eta Realaren aldeko oihuek hartu zuten lekukoa baloia mugitzen hasi zenean.