Andoni ARABAOLAZA
SARI BANAKETA

Frantziako Urrezko Pioletaren festan saritu dituzte irabazleak

Briançon hirian antolatu den ekitaldian Sean Villanuevak «The Moonwalk Traverse»-n eta talde georgiar batek Saraghar mendian eginiko jarduerek jaso dituzte sariak. Annapurna III mendiko eskaladak aipamen berezia izan du.

Urtero bezala, Frantziako Urrezko Pioletaren sari banaketa ekitaldiak ez du hutsik egin. Alpinismoaren festa nagusi hori herenegun hasi zen eta gaur amaituko da. Hain zuzen, bigarren urtez jarraian Briançon herria izan da egoitza. Ohi den bezala, egitarau zabala eta erakargarria antolatzen dute: mahai-inguruak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, eskalada irteerak… Baina horien guztien artean bada “izar” kutsua hartzen duena: iazko jarduera alpinistiko onenen sari banaketa.

Aitorpen horiek atzo bertan banatu ziren, eta aurreratu behar dugu aurtengo ekitaldian Ukrainako gerrak leku berezia izan duela. Antolatzaileen adierazpenetan argi eta garbi geratu zen hori: «Mugek ez dute lekurik mendian. Askotan herrialde ezberdinetako mendizaleek osatuak dira sokadak. Gerrak sortzen duen hondamendia ezin dugu onartu. Ukraina hori bizitzen ari da, baina antzeko egoerak Sirian, Yemenen, Malin… bizitzen ari dira. Urrezko Pioleta ekimenak kulturen arteko izpiritua jasotzen du, eta argi dugu protagonisten nazionalitateari ez diogula lehentasunik ematen. Bai, ordea, alpinista horiek lortu duten arrakastari. Hori esan eta gero, gehitu nahi dugu pozik gaudela Briançonen munduko bazter ugaritik mendizaleak bertaratu direlako».

Baten batek mezu horiek indarrik ote duten zalantzan jar dezake, baina ekitaldi nagusian ikusi denez nazioarteko alpinista denek izan dute lekua. Errusiarrei boikota egiteko “arrazoiak” egon zitezkeen; alabaina, horren aldeko iritzirik ez da entzun. Urrezko Pioleta ekimenak, bederen, saria jasotzeko egiten den zerrenda luze horretan errusiarrak zein ukrainarrak sartu ditu.

Horren isla da Conrad Anker, Alex Bluemel, Genki Narumi, Paul Ramsden, Patrick Wagnon eta Mikel Zabalzak osatutako epaimahaiaren iritzia. Adibidez, Nikita Balabanov, Mikhail Fomin eta Viacheslay Polezhaiko ukrainarrek Annapurna III mendiaren (7.555 m) hego-ekialdeko ertza lehen aldiz igotzeagatik aipamen berezia jaso dute. Aitorpen horren inguruan antolatzaileek hau esan dute: «Argi daukagu eskalada horrek benetako saria jaso behar zuela, baina jarduera horren hainbat eitek ez dute bat egiten Urrezko Pioletaren printzipioekin». Antolatzaileek esan nahi dutena da talde ukrainar horrek helikoptero bat erabili zuela mendiaren oinarrian dagoen zirkura heldu ahal izateko.

Saririk ez, baina behin betiko erabakia hartzeko egiten den zerrenda horretan nolabaiteko aitorpena jaso duten hainbat talde errusiar azaltzen dira. Besteak beste, Marina Popova, Nadya Oleneva eta Maria Dupinak Ostryi mendian (4.818 m, Pamir Alai) edo Alexander Gukov-ek eta Victor Kovalek Kosmos mendian (5.962 m, Kokshaal-too) eginiko lehen igoerak.

Bi sari EMAN ZIREN EKITALDI NAGUSIAN

Atzoko ekitaldi nagusian, aipatu dugun aipamen berezi horrekin batera, bi sari eman ziren. Hots, bi jarduera horiek Urrezko Pioletaren aurtengo ekitaldiko protagonista nagusiak izan dira. Lehenik eta behin, Pakistanera bidaiatu zuten. Oholtzara igo zirenak alpinista georgiar hauek izan ziren: Artxil Badriaxvili, Bakar Gelaxvili eta Giorgi Tepnadze. Hirukote horrek Saraghrar mendiaren (7.300 m) lehen igoera sinatu zuen ipar-mendebaldeko hormatik eskalada oso gogorra egin eta gero.

Kontuan hartu behar da, georgiarrak iritsi arte zazpimilako horrek ez zuela ekinaldirik jaso. Talde horrek zailtasun handiko marra luze bat zabaldu zuen. 2.300 metrokoa eta honako zailtasunak dituena: 6b, M5+, A3+, 80°-90°. Errusiar eskalan 6b da.

Jarduera horri dagokionez, aurreratu behar dugu iazko irailaren 21ean, 5.000 metroko kotan, hasi zirela eskaladarekin. Soka gerrira lotu gabe korridore batean sartu ziren, eta murruaren erdian, 6.200 metrora, lehen bibaka ezarri zuten. Hortik aurrera benetako zailtasun teknikoak aurrez aurre izan zituzten. Zehazki, granitozko horma bati ekin zioten. Mistoa, artifiziala, librea… denetarik izan zuten. Sekzio oso gogorrak, gainera.

Horrek guztiak beste bost bibak egitera behartu zituen: 6.400, 6.600, 6.750 eta 7.000 metrora. Eskaladaren bosgarren eta azken egunak ere ez ziren batere samurrak izan. 250 metroko pareta bertikal bat gainditu behar zuten, eta, adibidez, luze bat biribiltzeko zazpi ordu behar izan zituzten. Tarte hori sinatu eta tontorra erdiesteko 300 metroko desnibela eskalatu zuten. Ertz luzea eta oso nahasia izan zen.

Talde georgiar horren jardueraren inguruan, epaimahaiak honakoa adierazi du: «Espedizio horrek igo gabe zegoen mendi zail bat aukeratu zuen. Gainera, oso bisita gutxi duen alderdi batean kokatuta dago. Talde txiki batek, estilo arinean, zailtasun tekniko handiak dituen bide bat igo zuen. Hori gutxi ez, eta konpromiso handiko eskalada izan zen».

Talde horretako kide batek, Badrixvilik, honako hausnarketa egin du: «Gure herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik, gure mendizaletasunaren kulturak inoiz jaso duen aitortza garrantzitsuena izan da. Beste era batera esanda, gure herrialde osoarentzat sari bat da. Geure helburu nagusia esploratzea da, hots, igo gabe dauden mendiak bilatzen ditugu. Eta gure filosofia estilo alpinoan oinarritzen da. Zoritxarrez, hedabide askok egun mendiko turismoak lortzen dituen arrakastei lehentasuna ematen diete, eta benetako alpinismoa alde batera uzten dute».

Bigarren saria, berriz, alpinista batek jaso zuen; izan ere, aipatuko dugun jarduera bakarka egin zuen. Sean Villanueva da protagonista. Eskalatzaile belgikarra ez da Urrezko Pioleta jasotzen duen lehen aldia. 2011. urtean, Favresse anaiekin, Ben Dittorekin eta Bob Sheptonekin Groenlandian egin zituen jarduerek aitorpena jaso zuten.

Hamar urte geroago, joan den otsailaren 5ean, Villanuevak goi mailako zeharkaldi zaila egin zuen Fitz Royko mendigunean: “The Moonwalk Traverse”. Ibilbide luze horretan (bost kilometro) 4.000 metroko desnibel positiboa eta bederatzi orratz gainditu zituen: S izenekoa, Saint Exupery, Poincenot, Kakito, Fitz Roy, Val Biois, Mermoz, Hego Guillaumet eta Guillaumet Nagusia.

Epaimahaiaren balorazioak dio zeharkaldi dotorea eta zailtasunean iraunkorra dela: «Hainbat sokadak jarduera handi horrekin amets egin dute, baina bakarkako estiloan ez zen ekinaldirik izan. Nahiz eta Villanuevak eskalatutako orratz guztiak igo diren, azpimarra berezia jarri behar diegu eskalatzaile horrek indarrean jarri zuen estiloari, zeharkaldiak duen zailtasun teknikoari, erresistentziari eta konpromisoari».