GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Alex Odriozola eta Ethan Perez garaile Ereagako bodyboard txapelketan

Atzo egin zen Getxoko Ereaga hondartzan euskal bodyboard itzuliko hirugarren proba. Alex Odriozola gailendu zen kategoria irekian, eta Ethan Perez, 18 urte azpiko kategorian. Abenduan amaituko dira Mundakan, EHSFren surf eta bodyboard zirkuituak.

Ethan Perez, Junior kategoriako txapelduna, Zumaian. (EUSKALSURF.COM)

Eguraldia eta olatuak narrasak izan arren, maila altua erakutsi zuten azaroaren 20an Getxoko Ereaga hondartzan itsasoratu ziren bodyboardzaleek. Euskal bodyboard zirkuituko hirugarren proba egun bakar batean egin zuten osorik eta, azkenean, Alex Odriozola eta Ethan Perez izan ziren txapeldunak; kategoria irekian, lehena, eta 18 urtetik beherako kategorian, bigarrena.

Antolatzaileek azaroaren 12 eta 13ko asteburua edo pasatu berri den azaroaren 19 eta 20ko asteburua hautatu behar zuten txapelketa egiteko. Azkenean baldintzak hoberenak ez izan arren, atzo egin zuten euskal bodyboard zirkuituko txapelketa eta, ondorioz, aldaketak izan dira kategoria irekiko zein gazteen kategoriako rankingetan. Horrela hautatu dituzte Mundakan parte hartzeko pasea eskuratu duten lehiakideak.

Orain txapelketa bakar bat falta da aurtengo euskal bodyboard zirkuituko txapelduna izendatzeko, alegia, abenduko asteburuetako batean Mundakan egingo dena. Bertan izango dira parte hartu ahal izateko behar adina puntu eskuratu dituzten lehiakideak, baita surf modalitatean ere.

Nabarmentzekoa da bodyboarda Euskal Herrian hartzen ari den indarra. Horren adierazle da atzo Ereagan baldintza meteorologiko gogorrei aurre eginez burutu zen txapelketa, baina batez ere azpimarragarria da bodyboard modalitatea txapelketa gehien dituen zirkuitua bilakatu dela.

MUNDAKARA BEGIRA

Hemezortzi urtetik beherako kategoria zein kategoria irekia, mistoak dira bodyboard modalitatean; beraz, batean zein bestean neskak eta mutilak elkarrekin lehiatzen dira, baina atzo ez zen neskarik Ereagan; izan ere, soilik kategoria irekiko rankingeko lehen 16 lehiakideak eta gazteen kategoriako lehen 4 lehiakideak lehiatu ziren, helburu bakar batekin, abenduan Mundakan egingo den itzuliko azken txapelketarako pasea eskuratzea.Txapelketa amaitu ostean, aldaketak izan ziren kategoria irekiko rankingean; adibidez, Alex Odriozolak txapela irabaztearekin batera rankingeko lidergoa eskuratzea ere lortu zuen, ordura arte rankingeko buru zen Ayoub Adardour bizkaitarrari lehen postua ebatsiz. Baina garrantzitsuena rankingeko lehen zazpi postuetako batean mantentzea zen, horiek izango baitira Mundakan parte hartu ahal izango dutenak.

Gazteen kategoriako txapelketarik ez da izango Mundakan, baina hemezortzi urtetik beherako zirkuituko irabazleari ere gonbidapen wildcard bat emango zaio kategoria irekian lehiatzeko.

Hau da, zortzi lehiakide ariko dira denboraldiari amaiera ematen dion txapelketan eta gazteen ordezkaria Ethan Perez izango da. Alex Odriozola zumaiarrak bezala, itzuliko lehen txapelketa berak irabazi zuen Bakion, eta atzo Ereagan berriz gailendu zen; beraz, hiru txapelketetatik bi irabazi ditu, eta, horrez gain, kategoria irekian ere emaitza onak eskuratu ditu aurtengo denboraldian. Zalantzarik gabe, egungo harrobiaren ordezkari bilakatu da gaztea.

Unax Pascual, Mikel Egiguren eta Oihan Alkorta lehiatu ziren Ethan Perezekin atzo Ereagan. Aurreko bi txapelketetan eskuratutako emaitzei esker lortu zuten Ereagarako pasea eta txanda bakar batean jokatu zuten Mundakan parte hartzeko wildcarda. Perez gailendu zen; Pascual bigarren, Egiguren hirugarren eta Alkorta laugarren geratu ziren.

Kategoria irekian, ostera, final-laurdenetatik hasi ziren; alegia, rankingeko lehen 16 postuetako kideak itsasoratu ziren. Amaieran Alex Odriozola nagusitu zen, Xabier Urrestillarentzat izan zen bigarren postua, Ilias Pusmouthentzat hirugarrena eta Alex Uranga laugarren postuan geratu zen.

 

2022ko Denboraldia Aurtengo denboraldiko lehen txapelketa Bakion izan zen maiatzean, eta honako hauek izan ziren irabazleak: Alex Odriozola (Open), Ethan Perez (Junior), eta Lucia Garcia (neskak). Bigarren txapelketa Zumaiako Itzurun hondartzan egin zuten azaroko lehen asteburuan eta irabazleek, gainera, alegia, Alex Urangak eta Mikel Egigurenek, 2022ko “Euskadiko txapela” irabazi zuten.Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen zirkuituen artean bodyboard modalitatea da txapelketa gehien dituena. Aurten, gainera, iaz baino txapelketa bat gehiago egin dute; hortaz, lau txapelketaz osatutako zirkuitua da 2022koa.

Proba guztiek puntuatzen dute rankingerako, baina azken probak balio bikoitza du; horregatik ikusmin handia sortzen du abenduan Mundakan egiten den txapelketak. Gainera, Mundakan modalitate eta kategoria guztietako finalak egiten dira eta itsasoak laguntzen badu baldintza bikainetan itsasoratzen dira lehiakideak, normalean jendez leporaino egoten den Europako urautsi famatuenean.

Aurtengo denboraldian 52 lehiakide izan dira bodyboard modalitateko kategoria irekian; zenbaki polita da, Gipuzkoan eta Bizkaian zaleak badirela erakusten baitu. Aldiz, 18 urtetik beherako kategorian parte hartzea apalagoa da; dozena bat lagunek osatzen dute ranking orokorra. Beste hutsunea nesken kategorian sumatzen da, oso lehiakide gutxi dira eta ondorioz mutilekin lehiatu behar dute.

Mundu mailan ere ez dago bere unerik hoberenean bodyboard modalitatea, baina Euskal Herrian, aipatu hutsuneez harago, argazki orokorra kontuan hartzen bada, bodyboarda pixkanaka indarra hartzen ari dela esan daiteke.