GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

COP27: esanaren eta eginaren artean


Klima larrialdiaren aurrean ardura bateratua izan behar da, baina baita berezitua ere. Herrialde aberats eta garatuek, gasen isurian eta baliabide naturalen ustiaketan daukaten marka ezagututa, diru gehiago jarri eta ahalegin handiagoa egin behar lukete. Ez da diru kontua, justiziazkoa da. Eta arrazoizkoa dela ere bistakoa da. Baina tartean dirua dagoenean, gauzak ez dira hain nabarmenak. Funts komun batean dirua zeinek jarri behar duen eta hori zeinek jaso behar duen erabakitzea oso ariketa korapilatsua izan ohi da. Gauzak horrela, normala ere bada garapen bidean dauden herrialde pobreagoak, eztabaida hau mahaigaineratzen den aldi oro, eta aurrekariak ezagututa, batere ez fidatzea, bete gabeko promesez gogaituta egotea.

Egipton bukatu berri den NBEren klimaren goi-bileran, COP27 delakoan, funtsean, kontu hau egon da eztabaiden erdian. 2015. urtean Parisen izandako gailurrean formulatu zen promesa da klima larrialdiak gehien kaltetutako herrialdeen kalteak erreparatzeko diru-poltsa handi bat ezartzearena. Eta, jakina, dirua jartzen dutenek beren interesen aldeko baldintzak eskatzen dituzte. Nekez irudika daiteke Saudi Arabia edo Qatar dirua jartzen erregai fosilak baztertzen joateko baliabideetan; Txina edo India, ikatza debekatzea eskatzen bada. Europar Batasunak dirurik ez zuela jarriko adierazi zuen, baldin eta gainerakoak ez baziren batzen Glasgown adostu zen 1,5 graduko tenperatura igoeraren konpromisora. AEBak, konpromiso berrietarako pronto bai, baina diru-poltsa komun baten inguruan ezer ez dutela jakin nahi diote. Eta hor segitzen dute muturreko klima fenomenoen zartadak pairatzen dituzten herrialdeak, «lagundu!, lagundu!» erregutzen.

COP27ak, azken unean, konpromisozko akordio minimo bat utzi du. Bada zerbait, itxuran. Izango dute saltzekorik, hurrengo goi-bilerara arte zeren inguruan aritzerik. Amildegiaren ertzean egon ondoren, ez da gutxi, diplomazialariak ez dira etxera esku hutsik bueltatu, behinik behin. Baina munduak betiko kiribilean kateaturik segitzen duen bitartean, betikoa dator gogora: esanaren eta eginaren arteko distantzia siderala. COP28ak hau guzti hau gezurtatuko ahal du!