GARA
F LIGA

Bartzelonak indar barik utzi zuen topikoa

Iñigo Juaristik porrotarekin debutatu zuen Alavesen aulkian. Liderrak ohiko gaitasun ofentsiboa erakutsi zuen eta atsedenaldirako norgehiagoka erabakita zeukan.

Armengol, baloia jaurtitzear, atzean Claudia Pina duela.
Armengol, baloia jaurtitzear, atzean Claudia Pina duela. (LALIGA | A)

Alavesek ezin izan zuen topikoa bete Iñigo Juaristiren debutean. Ez zen miraririk gertatu eta Bartzelonak ohiko gaitasun ofentsiboa erakutsi zuen, atsedenaldirako erabakita zegoen partida aise irabazteko. Puntu bakarrarekin jarraitzeaz gain, azken postura bueltatu dira gasteiztarrak, Alhama de Murciak Granadilla ustekabean harrapatu eta denboraldiko lehen garaipena lortu baitzuen larunbatean. Hori guztia aste gogor baten hasieran, asteazkenean Kopako partida jokatuko baitu Alavesek Oviedon eta igandean Betis hartuko baitu Ibaian.

Juaristik gutxienez, probak egiteko eta bere jokalariak zuzenean lehiatzen ikusteko aprobetxatu zuen partida. Aldaketak egon ziren hamaikakoan -Elba zentralen aurrean, Eleneren titularitatea, Sanadri puntan...- eta atsedenaldiak dezente eraberritu zuen taldea probekin jarraitzeko.

Emaitza antzekoa izan zen kasu bietan. Talde arabarrak nortasuna erakutsi eta hainbat gauza ondo egin arren, Bartzelona nagusi izan zen lehen minututik eta ez zuen asko behar izan aurreratzeko ere. Seigarren minutuan sartu zuen aurrenekoa Claudia Pinak, jaurtiketa arrastoa gurutzatuz, eta handik atsedenaldira beste lau gol hartu zituen Alavesek.

Bigarren zatian kontua ez zen larregi aldatu eta etxekoek markagailua borobildu zuten gainontzeko hiru golak sartuz. Alde txarrena, edozein kasutan, Ohalek eman zuen sustoa izan zen. Rolfok besoarekin jo zion aurpegian, atzelariak begian min hartu omen zuen eta guztiz zorabiatuta zegoela atera behar izan zuten ohatilan minutu batzuetan zelaian bertan artatu ondoren.

Hiru punturekin Bartzelonak lidergoa mantentzen du, Atleticoren eta Real Madrilen aurretik. Reala Championsetik hiru puntura jarri da.