Surflari ernegatua

Lekua berreskuratu

Azken urteetan gure urautsiek mundu mailan zuten ikusgarritasuna galdu dute, baina horrek ez du esan nahi lehen baino okerragoak direnik; aldatu den gauza bakarra da ez dugula lehen genuen indarra berreskuratzeko estrategia argirik. Begirada guztiak kirolarien bizkar gainean ezartzen dira, eta sekulako lana egiten ari dira, baina ez da aski, kirol ikuspegi huts batetik harago, arlo desberdinak norabide berean koordinatuko dituen luzera begirako estrategia integral bat diseinatu behar da, pixkanaka mapamunditik desagertu nahi ez badugu.

Portugalgo Gobernuak ez du surfa kirol soil bezala lantzen, ikuspegi turistiko batetik baizik, eta, horri esker, Europako surfaren hiriburu bilakatu da, orain arte nagusi zen Frantziari alde handia ateraz gainera. Penichen egin zen munduko lehen mailako azken surf txapelketa 42,9 milioi pertsonak ikusi zuten sarean. Aitzitik, Galiziako Pantin hondartzan urtero egiten den bigarren mailako txapelketak 35.000 bisitari izan zituen. Ideia bat egiteko, 550.000 euroko aurrekontua du Pantingoa bezalako txapelketa batek eta 200.000 euro banatzen dira saritan.

Euskal Herriak duen indargune nagusia, Galiziak bezala, itsaskien maiztasuna da. Oso leku gutxi dira munduan urtean zehar surf egiteko hainbeste egun eskaintzen dituztenak. Baina, horrez gain, mota askotako urautsiak eta kalitate handikoak ere badira gurean. Bilbo, Donostia edo Biarritz baino ezagunagoa zen Mundaka garai batean. Gaur egun ez dakit horrela den, baina Bizkaiko herri eder horretan surfak eragin handia izaten jarraitzen du. Mundakak dituen bisitarien %85 olatuek bultzatuta bertaratzen omen dira, 2013an egin zen ikerketa baten arabera, eta horietatik %46k bi gau edo gehiago egiten omen dituzte arrantzale herrian. Hori da sustatu behar den turismo eredua, eremu desberdinetan ekarpena egiten duen eredua baita. Egun batean festa egiteko 30.000 gazte biltzeak ostalaritzari arnasa apur bat eman diezaioke une jakin batean, baina epe luzerako ikuspegian ezdeusa da.

Duela hogei urte Internet sarean Mundaka famatu egin zenean “Basque Country” abizena ezarri zioten mundu osoko surflariek. Baldintzak onak direnean munduko ezker olatu hoberenetako bat izaten jarraitzen du eta oraindik txapelketa garrantzitsuak egiteko beharrezko osagai guztiak ditu, baina urteak dira munduko lehiaketen egutegitik kanpo dagoela. Kirolari, politikari, enpresari eta ikusleak batzeko potentziala du ezker olatuak, eta ziur naiz mundu osoko surflariek ere pozik ikusiko luketela WSLko txapelketen egutegian. Pantinen ahal bada, zergatik ez Mundakan? Erantzuna agian Madrilen dago.