GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Boulderreko 9a zailtasuneko lehen proposamena, argitu gabe

Bazirudien “Alphane”k ohore hori izango zuela, Shawn Raboutouk eta Aidan Robertsek maila hori baieztatu ondoren. Baina bigarren errepikatzaileak, Will Bosik, ez du argi 9a denik.


Askotan aipatu izan dugu boulderreko muturreko zailtasunean arazo handiak daudela egiten diren proposamenak sendotu ahal izateko. Eskala horri begiratzen badiogu 8c+ da egun sendotuta dagoen maila gorena.

Bederatzigarren esfera hasi dira aipatzen. Hain zuzen ere, duela sei urte zailtasun horretako lehen proposamena heldu zen Nalle Hukkataivalen eskutik. “Burden of Dreams”-i buruz ari gara. Egungo espezialista sasoiko batzuek probatu dute, baina Finlandian kokatuta dagoen korapilo horrek ez du oraindik errepikapenik izan.

Egoera hori “irauli” egin duena “Alphane” da. Suitzako Chironicon dagoen bloke horren mugimendu guztiak askatu, lotu eta erorikorik gabe egin duena Shawn Raboutou izan da. Joan den udaberrian gertatu zen hori. Dokumental baten bitartez eskalatzaile estatubatuarrak aipatu zuen bloke horrek 9a maila duela. Raboutourekin batera beste espezialista batzuek probatu dute, eta urriaren 21ean Aidan Roberts gai izan zen lehen errepikapena egiteko. “Alphane”-ren mailaren inguruan, britainiarrak Raboutourekin bat egin zuen. Hots, harentzat 9a da. Bazirudien maila horretako munduko lehen boulderra genuela; bederen, lehen bi igotzaileek hori uste dute. Baina bigarren errepikatzailea, Will Bosi, ez da iritzi berekoa.

«9A DA»

Aidan Robertsek “Alphane”-n izan duen prozesuari dagokionez, aipatu behar dugu ez zuela erabili Raboutouren metodoa. Bloke hori oso fisikoa izateaz gain, nahasia da. Horrek, besteak beste, mugimenduak egiteko metodo ezberdinak eskatzen ditu: “Shawn-ek ez bezala, nik beste mugimendu batzuk egin ditut. Gainera, nik dudan erresistentzia nahiko txarra da»

Robertsek onartu du “Alphane” egun gehien eskatu dion proiektua izan dela. Denera, hogei. Duen zailtasunari buruz, inoiz egin duen boulder zailena izan dela iritzi du: «Bitxia da; izan ere, zailtasunean oso iraunkorra da. Ez dira egin ditudan mugimendu gogorrenak, baina hori ez da bloke horren giltza. “Alphane” gainditzeko erronka handiena trantsizioak dira. Zailak, nahasiak… gorputzak oso koordinatua egon behar du. Denbora guztian tentsio ikaragarrian. Zailtasun horretan ez dut eskarmenturik, eta horregatik diot zaila egiten zaidala zenbaki eta letra bana jartzea. Egin dudan bloke zailena da, eta 8c+ zen orain arte sinatutako maila. Asko ikasi dut, eta eskarmentu positiboa izan da: berdin dit 9a edo 7a den»

«EZ NAGO ZIUR»

Bosi eskalatzaile eskoziarrak bloke horren hirugarren igoera lortu du. Eta horretarako, udazken honetan hamar egun behar izan ditu.

Raboutouren eta Robertsen proposamenak entzun eta gero, “Alphane” bederatzigarren esferan sartu zela zirudien, baina Bosik beste iritzi bat eman du: «Muturreko blokeei maila bat jartzea oso zaila egiten zait. Mugak estuak direlako eta eskalatzaile bakoitzaren sasoiak ezberdinak direlako. Norberak bere estiloa du. 9a ote den? Bada, ez dakit. Iritzi sendo bat emateko, muturreko zailtasunean eskarmentu gehiago behar dut. Argi eta garbi dudana da “Alphane” bloke ikaragarri ona dela».