GARA Euskal Herriko egunkaria

NATOk Ukraina babestu du Madrilen, Europako Batasunak Moldavia Parisen

Errusiaren erasoen ondorioak pairatzen ari diren herrialdeei laguntzeko zama gero eta astunagoa da. NATOk Ukrainarekiko konpromisoa berretsi du, «prezio bat duen arren». Europako Batasunak Moldaviaren egoera energetiko larria arindu nahi du negu atarian.

Herritarrak jakien bila, Jersonen. (Bulent KILIC | AFP)

NATOko itun militarraren ordezkari nagusi Jens Stoltenbergek onartu du Errusiaren inbasioari aurre egiteko Ukrainari emandako babesak «prezio bat duela», baina erasotzailearen aurrean batasunari eusteko dei egin du, «oraindik garestiago ez ordaintzeko».

«Gure herrialdeetan asko dira bizitzaren kostuaren aurrean krisi larria pairatzen ari direnak. Energia eta elikagaien fakturek gora egiten dute», onartu du Madrilen bildu den NATOko legebiltzarkideen Asanbladan. «Gu diruz ordaintzen ari gara, baina ukrainarrak odolez», gogora ekarri du, kide militar guztiei batasuna eskatuz.

Batasunaz gainera, gastu militarrean gehiago inberti dadin ere eskatu du. «Defentsan BPGren (barne produktu gordinaren) %2a zorua da, ez sabaia», erantsi du.

Bide batez, dei egin du lagunak diren herrialdeei laguntzeko, batez ere «Errusiaren erasoaren eragin handiena pairatzen ari direnei, tartean Moldavia, Bosnia eta Georgia.

Moldavian negu gorria

Izan ere, atzo bertan hasi zen Parisen Moldaviari laguntzeko nazioarteko konferentzia.

Moldavia 2,6 milioi biztanle dituen eta Ukrainarekin muga egiten duen errepublika da.

Konferentziaren lehen helburua moldaviarrei negua igarotzen laguntzea da.

Gazprom Errusiako gasaren monopolioak erdira jaitsi dio hornidura. Hori gutxi balitz, gasa gordetzeko azpiegiturarik ez du Txisinauk eta, azkenik, Errusiak Ukrainako azpiegituren kontra egin dituen erasoen ondorioz, ezin du alboko herrialdetik argindarra erosi.

Gutxienez 1.1 mila milioi euro behar ditu negua igarotzeko. Ondoan dagoen Errumania laguntzen saiatzen ari da, baina Bukarestek nahikoa du berearekin. Horrez gainera, Errusia jaun eta jabe da Moldaviako eskualde batean, errusiarrak gehiengoa diren Transdnistrian.

50 bat herrialdek parte hartu dute konferentzian, AEBak, Kanada eta Japonia barne, Munduko Nazioarteko Funtsa eta Munduko Bankua ahaztu gabe.

Energia gudu zelai bilakatu den honetan,

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buruak, Rafael Grossik, gogor salatu du Ukrainako Zaporizhiako zentral nuklearrak asteburuan pairatu dituen erasoak.

«Nahikoa da. Eraso hauek egiten dituztenek badakite zeren kontra jotzen duten, eta hau onartezina da», esan du.

Moskuk eta Kievek elkarri leporatu diote erantzukizuna. Errusiak zentrala bere esku dagoela gogoratzen du. Ukrainak herrialdea argindarrez hornitzeko zentralik inportanteena dela ekartzen du gogora.

Bi aldeek batek besteari leporatzen dizkionak ez dira Zaporizhian bukatzen.

Errusiak errenditu ziren hamar soldadu erail izana leporatu dio Ukrainako Armadari. Honek argudiatu du haietako bat tiroka hasi zitzaiela.

Kherson hirian atxilotuak torturatzeko lau zentro aurkitu dituela salatu du Kievek.