GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Txikon eta garun paralisia duen gizona, Everestera


Alet Txikon mendizale eta alpinista bizkaitarrak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Zallako kultur etxean. Azken urteetan Lemoako kirolariak zenbait erronka izan ditu munduko mendirik garaienak neguan igotzeko, baina oraingo helburua ezberdina izango da. Izan ere, Javier Lopez Pagazaurtundua garun paralisia duen zallarrarekin batera, Everesteko oinarrizko kanpalekura, 5.364 metrora, iristeko erronka hartuko du.

Everest munduko mendirik altuena da (8.848 metro). Espedizioaren asmoa da abenduaren 8an Nepalerantz abiatzea. Itzulera hilabete horretako 23an izatea espero dute. 5.364 metrora dagoen oinarrizko kanpalekura iristeko hamar bat eguneko trekkinga behar dela aurreikusten dutela adierazi zuten atzo. Hala ere, Alex Txikonek beti esan ohi duenez, «mendian garrantzitsuena itzultzea da» eta, beraz, ez dute alferrikako arriskurik hartuko.

BAT-BATEKO IDEIA

Prentsaurrekoa amaitutakoan, Javier Lopezek erronka hori onartzera bultzatu duten arrazoiak azaldu zizkien bere herrikideei. Berak eta Txikonek Urbegi Fundazioak ekainaren 13an antolatutako “Lo Imposible” sari ekitaldian elkar ezagutu zuten. Ideia erabat espontaneoa izan zen, ustekabekoa. Biek euren kezkez eta gustuez hitz egin zuten, eta Txikonek erronka bota zion: «Lagunduko al zenidake?». Javier Lopezek ez zuen batere zalantzarik izan: «Birritan pentsatu barik joango naiz». Aste batzuk geroago, hegazkinerako txartelak erosita eta motxila ilusioz eta gogoz beteta zeuzkan.