Aspek zuhaitza astindu du eta Baikok iazko apustuak sendotu
Eibarko enpresak Peio Etxeberria eta Elordiren azkenaldiko emaitza onak saritu ditu Irribarria eta Elezkanoren kalterako eta Bilbokoan ez dago izen berririk. Sisteman aldaketatxo bat izan da, 3. eta 4. postuetan sailkatutakoei aukera bikoitza emanez.
Ezkurdia-Martija/Peio Etxeberria-Rezusta partidarekin hasiko da ostiral honetan urteko txapelketarik luzeena, alegia, Binakakoa, hortik kanpo geratzen diren pilotarientzat negu gorria iragartzen duen lehia. 19 astez -finala apirilaren 2rako iragarria dago, lehen aldiz Nafarroa Arenan- txapel preziatuaren atzetik ariko diren 16 pilotarien izenak jakinarazi zituzten atzo EPELeko enpresek, eta erabakiak eman zuen zeresanik.
Izan ere, txapelketaren osotasunaren arabera baino, enpresa bakoitzak bere beharren arabera diseinatutako Binakakoa dirudi aurtengoak. Binakako azken seiak eta orotara jokatutako azken hamaseietan hamabost irabazita, Aspek zuhaitza astindu eta aurpegi berrien alde egin du, Aitor Elordi eta Peio Etxeberria, Iker Irribarria eta Danel Elezkanoren ordez. Hierarkien alde baino momentuko sasoi eta emaitzen alde egin dute Eibarko enpresan eta taldeko bi atzelaririk onenen babesean egingo dute lehen mailako titular gisako debuta, Zabaleta eta Rezustarekin hurrenez hurren. Bi aurrelaririk onenek, ordea, iazko atzelariak trukatu eta Altuna Tolosarekin arituko da eta Ezkurdia Martijarekin. Lehen jardunaldietan, baina, Jokin Altunak ia ezinezkoa izango du jokatzea, igandeko finala eskuin eskua oso minduta zuela bukatu baitzuen.
TXAPEL BEHARRA
Baikon, aldiz, nabaria da emaitza beharra eta konbinazioek ez dirudite erabat orekatuak. Hala, Laso-Imaz, iazko txapeldunordeek, elkarrekin jokatuko dute eta Peña-Mariezkurrenak ere goiko postuetan egoteko bikotea dirudi. Urrutikoetxea-Albisu esperientzia handiko bikotea da eta Jaka-Aranguren da, ustez, aukerarik gutxien lukeen bikotea.
Aho bizarrik gabe, Jokin Altunak jarri zizkion hitzak aurkezpenean zabaldutako usteari. «Esango nuke gure aldetik bikoteak orekatzera joan direla eta beste aldean ez dute berdin egin. Beste aldean oso-oso bikote indartsuak ikusten ditut, gure enpresan bikote indartsuak egitera joanez gero, oraindik eta indartsuagoak egiterik badago, baina ez dute horrela egin. Ni bikote orekatuak egitearen aldekoa naiz eta alde horretatik gure enpresa zoriondu nahi nuke».
ALDAKETA PLAY-OFF-EAN
Lehiaketa sistemari dagokionean, hein handi batean azken urteetako berbera errepikatuko da, nahiz eta pilotarien eskakizunei men eginda, aldaketa bat sartu duten play-off sisteman. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutakoek aukera bikoitza izango dute finalerdietan sartzeko. Lehenik euren artean kanporaketa bat jokatuko dute eta irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela. Galtzaileek 5. eta 6. geratutakoen arteko irabazleen aurka bigarren aukera bat izango lukete aurrera egiteko.
> Bikoteak
Altuna-Tolosa. Txikitatik Zazpi Iturri klubean elkarrekin asko jokatutakoak dira eta ondo ulertzen dute elkar. Amezketarra beti da kontuan hartzekoa.
Ezkurdia-Martija. 2020ko txapeldunak dira eta horrek berme osoko bikotea direla baieztatzen du, Etxeberrikoak ohi bezala Binakakoan gora egitea lortzen badu.
Elordi-Zabaleta. Euren mailan, konbinazio perfektua, joa eta errematea. Ikuskizun dago debutaria nola egokitzen den.
P. Etxeberria-Rezusta. Bikote sendoa, aurrelariaren ausardiaren eta atzelariaren segurtasunaren arteko uztarketa ona.
Laso-Imaz. Egungo azpi txapeldunak. Iazko mailan txapelerako hautagai sendoak.
Peña-Mariezkurrena. Erregulartasuna lortuz gero, ahal ikaragarrizko bikotea. Beste hautagai sendo batzuk.
Jaka-Aranguren. Ustez, bikoterik ahulenetako bat. Lizartzarrak bere mailarik onena berreskuratu behar du lehenbailehen.
Urruti-Albisu. Bi beteranoenek ez dute sekula elkarrekin jokatu. Kimika sortuz gero, esperientzia eta kalitatea gainezka.