GARA Euskal Herriko egunkaria
EUROLIGA

Hiru laurden on egin arren, Baskoniak ezin ezer ekarri Palau Blaugranatik

Markus Howard onena itzuli da, aurreneko erdian batez ere, eta azken laurdenera arte Joan Peñarroyarenak partida irabazteko borrokan izan dira. Tamalez, azken minutuetan Cory Higgins azaldu da, bere hirukoekin Bartzelonari garaipena emateko.

Higginsek aurretik eraman zuen Baskonia. (EUROLEAGUE BASKETBALL)

Porrota beti da porrota, baina nahiko gezurtia izan zen Saski Baskoniak atzo Palau Blaugranan galdu zuen dema. Azken laurdenera arte bizirik iritsi zen, baina azken unean Cory Higgins azaldu zen, 11 puntu saskiratuz azken minutu horietan, eta Baskoniak aurrez egindako lan ona ezerezean laga zuen.

Azkenera arte erasoan maila aparta eman zuten gasteiztarrek. Aspaldiko partez Markus Howardek bere aurpegi alaiena erakutsi zuen eta, oro har, Joan Peñarroyarenek Bartzelonaren hordagoari bikain erantzun zion.

Lastima, hasteko, Tadas Sedekerskisek ezin jokatua, eskuin hankako abduktoreetan arazoak dituelako, eta, bestetik, bigarren laurdenaren azken aldera Howardek berak pare bat baloi inozo galdu izana, ezustean irristatu eta gero.

Aurrez, batez ere lehenengo laurdenean, Bartzelonak nahikoa lan izan zuen gasteiztarren erritmoari eusten. Alabaina, Barçak sekulako baliabide piloa dituela erakutsi zuen berriz ere. Hala, Kalinic eta Vesely eskumuturra bero zutela kantxaratzea nahikoa izan zen Baskoniaren aurreneko kolpeari erantzun eta lehenengo laurdena 22na berdinduta amaitzeko. Bigarren zatian, berriz, 24-27tik 35-27raino luzatu zuen markagailua talde katalanak, Oscar Da Silva hegal-pibot alemaniarraren eta Cory Higginsen ekimenez.

EUTSI ETA EUTSI

Orduan azaldu zen Markus Howard onena, Pierria Henry eta Matt Costello taldekideekin batera. Hala ere, aipatu bezala, azken orduan galdutako baloi pare baten erruz Barçak aldageletara 52-48 aurretik joatea lortu zuen.

Gasteiztarrek hirugarren laurdenean beste momentu txar bat pasatu zuten, baina Costelloren eskutik eutsi zioten. Azken laurdenean ere borrokalari zebiltzan, baina Cory Higginsek hirukoetan asmatu zuen unean, Veselyk lagunduta, ezinak jo zuen Joan Peñarroyaren taldea. Itxura txarrik ez zuen eman, baina Baskoniak etxetik kanpo irabazi ezinik jarraitzen du Euroligan.