Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Gaitza

Argitaratu zuten urtean bertan, Txo Nam-Jooren “Kim Jiyoung, 1982an jaioa” (2016) nobelak milioi bat kopiatik gora saldu ez ezik emakumeen eskubideen aldeko mugimenduari bultzada handia eman zion Hego Korean.

Goiz batean amaginarreba den irudipenarekin jaikitzen da Jiyoung protagonista, haren hizkera eta jokabide berarekin. Beste batean urtebete lehenago haurgintzan hildako klase kidea dela sinetsita dago. Psikiatrak familiari azalduko dionez, egun batetik bestera Jiyoung pertsona ezberdin bat bihurtzen da, ezagunak zaizkion emakumeak betiere; batzuk oraindik bizirik daude eta beste batzuk dagoeneko hilda. Ez da amarru bat, Jiyoungek benetan sinesten baitu beste pertsona hori dela.

Kontakizunak aurrera egin ahala, ulergarriagoa zaigu zerk eraman duen protagonista egoera honetara. Bere pentsamenduen jabe den azken egunean, parke batean eserita dagoela, bulegoren batean lan egiten duen gizon gazte talde batek iraindu egiten du, egunaren erdian kafea hartzen dagoelako. “Mum-txoong” deitzen diote, ama-zomorro, besteen kontura bizi den emakumea adierazi nahi duen gutxiespeneko hitza. Jiyoungek duen gaitza ez da gertaera soil baten ondorioa, jaio zenetik eta emakume izateagatik etxean zein kalean jasan dituen irain eta tratu txarren metaketarengatik baizik.

Protagonistaren egoeraren gainean psikiatrak harturiko oharretan oinarritzen da nobela, eta oin-oharrak ere badakartza. Hego Korean generoan oinarrituriko diskriminazio kasuen gaineko benetako ikerketei erreferentzia egiten diete ohar horiek.