GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Lasok eta Imazek garaipen sufritu batekin ekin diote Binakakoari

Iazko azpitxapeldunek 22-21 menderatu zituzten Erik Jaka eta Aitor Aranguren Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan, gora-behera asko izan zituen neurketa batean. Gorriek ez zuten batere eroso jokatu, baina une erabakigarrian gehiago asmatu zuten.

Unai Lasok ez zuen batere eroso jokatu Bartzelonan, baina une erabakigarrian azaldu zen garaipena ziurtatzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Unai Lasok eta Ander Imazek garaipen sufritu batekin ekin diote aurtengo Binakako Txapelketari. Iazko azpitxapeldunek 22-21 menderatu zituzten Erik Jaka eta Aitor Aranguren Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan, gorabehera asko izan zituen neurketa batean.

Laso eta Imaz faborito argiak ziren hasi baino lehen. Baiko Pilota enpresako izar nagusia eta atzelari oiartzuarra bikain moldatu ziren iaz, eta aurten ere txapela janzteko hautagaien artean daude. Jaka eta Aranguren, aldiz, zalantza askorekin ikusi ditugu azkenaldian, eta ikusteko zegoen nola elkar hartuko zuten. Bartzelonako kantxaren lur azkarra ere faktore erabakigarria izan zitekeen.

Espero zenaren kontra, ordea, Jaka eta Aranguren askoz erosoago aritu ziren hasieratik. Aginagako atzelariak maila oso onean jokatu zuen, bizkarra erakutsi zion gehienetan Ander Imazi, eta errematerako aukerak sortu zizkion tantoa graziarekin amaitu zuen lizartzarrari. Urdinak 4-8 aurreratu ziren markagailuan.

Baina Lasok eta Imazek zerbait baldin badute, lanerako jarrera eta kemena da. Atzo ere horrela erakutsi zuten eta, eroso jokatu ez arren, ez ziren inoiz partidatik joan. Hasiera zail horri ere garaiz eman zioten buelta eta neurketa oso berdinduta iritsi zen lehen atsedenaldira: 12-11.

EMOZIOA

Onartu beharra dago ez zela partida bete-betea izan. Erremate onak izan ziren, baina huts asko ere bai. Bartzelonako norgehiagoka ikustera hurbildu ziren ikusleen zorionerako, emozioa behintzat izan zuen demak. Batez ere azken txanpan.

Erik Jakak gantxoz egindako tanto eder batekin 17-18 aurretik iritsi ziren urdinak bigarren atsedenaldi luzera. Baina hurrengo tantoa, oso borrokatua, Unai Lasok egin zuen modu berean, berak ere gantxoa erabiltzen badakiela erakutsiz, aurrez defentsan lan bikaina egin ostean.

Kolpe gogorra izan zen urdinentzat erdi eginda zuten tantoa galtzea, eta istant batean gorriek beste hiru lortu zituzten -bi sakez eta Lasok indartsu zabaldutako pilota batekin hirugarrena- markagailuan 21-18 aurreratzeko.

Bazirudien urdinen aukerak amaituta zeudela, baina ez. Lasok egindako opari batek sakea itzuli zien Jakari eta Arangureni, eta 21-21 berdintzeko gai izan ziren. Lehenik Aranguren pilota bat errebotean sartu zuen argi-argi, eta hurrengoa sakez iritsi zen.

Azken tanto erabakigarria ere xelebrea izan zen. Erik Jakak giharretako arazoak izan zituen ezker hankan eta herrenka aritu zen defentsan. Ez zuen gaizki egin, baina Lasok ez zuen barkatu eta atzera jota lortu zuen 22-21ekoa. Gainera, Unai Lasok berak ere karranpekin amaitu zuen neurketa.

«Partida gogorra izan da. Ez dugu gure neurketarik onena jokatu, baina horrelakoetan irabaztea ere garrantzitsua da. Hilabete generaman jokatu gabe, eta ez da erraza kantxara jartzea. Gainera, Aitorrek sekulako maila eman du», aztertu zuen Imazek amaieran.