GARA
ESKUBALOIA

Bera Bera indartsu itzuli da, eta Zuazok eta Beti Onakek galdu egin dute

Donostiarrek lider jarraitzen dute Aula Valladolid garaituta (31-22); bizkaitarrek eta nafarrek, aldiz, ezin izan zuten La Calzada (22-26) eta Rocasarekin (28-24). Asobalen, Bidasoak ere galdu egin zuen.

Cavo berragertu zen, meniskoko lesiotik osatuta.
Cavo berragertu zen, meniskoko lesiotik osatuta. (Jon URBE | FOKU)

Kasik hilabeteko atsedenaldiaren ostean -eskubaloiko Europako txapelketa jokatu delako-, Ohorezko Mailako partiden itzulera izan zen atzo, eta euskal taldeei dagokienez, txanponaren bi aldeak ikusi zituzten. Bera Bera, egungo liga txapelduna, indartsu itzuli zen, Europako txapelketa jokatu duen Arrojeriaren gidaritzapean. Usurbildarrak apenas izan du atsedenerako tarterik, baina badirudi ez duela horretarako beharrik ere.

Donostiarrek 31-22 irabazi zuten Aula Valladoliden aurka eta, beraz, lidergoan jarraitzen dute, Rocasarekin berdinduta eta kanariarrek baino partida bat gehiago jokatuta. Valladolideko taldeak aurreneko minutuetan estu hartu zuen egungo liga txapelduna, baina etxekoek 6-0ko partziala ezarri zutelarik -Hernandezen hiru gol, Boadaren bi eta Maitane Etxeberriaren gol batekin-, garaipena erdi bideratuta utzi zuten (10-4, 17. minutuan). Atsedenaldirako, aldea are handiagoa bilakatu zen (16-8) eta, hartara, iraultzeko ezinezkoa Gaztela-Leongoentzat.

Donostiarrek bide beretik jarraitu zuten eta, azkenean, 31-22ko markagailuarekin lortu zuten garaipena. Nabarmentzekoa, hiru hilabete kantxetatik at egon ostean, Malena Cavo argentinarra berragertu zela -albiste oso pozgarria EHF European League txapelketako azken kanporaketara begira-; eta agertu ez ezik, lau gol ere egin zituen.

Txanponaren beste aldeak Zuazo eta Beti Onak izan ziren. Bizkaitarrek, Motive.co Gijon talde asturiarra jaso zuten etxean, Lasesarren, baina hasiera-hasieratik markagailuan atzetik hasi eta nekeza egin zitzaien asturiarrei hortzak erakustea (22-26).

Apur bat estuago hartu zuten atarrabiarrek Rocasa. Ia lehen zati osoan markagailuan aurretik joan ostean, kanariarrek berdindu egin zuten atsedenaldiaren aurretik. Bigarrengoan, lehia oso parekatuta egon zen, etxekoek, 43. minututik aurrera, 5-1eko partziala lortu eta garaipena bideratu zuten arte (28-24).

BIDASOAREN HIRUGARREN PORROTA

Asobal ligan, bestalde, Bidasoak ezin izan zuen garaipena eskuratu Cuencara eginiko bisitan. Irundarrek bi puntu batzea ezinbestekoa zuten sailkapenaren goialdean mantentzeko, baina lehen zati kaskarraren ostean ezin izan zuten egoera irauli (30-25). Ligan erreskadan galtzen duten hirugarren porrota sufritu zuten eta seigarren postura jaitsi dira. Anaitasunak gaur, 17.00etan, Iruñean, jokatuko du Guadalajararen aurka.