GARA Euskal Herriko egunkaria

Axular Egunaren «misteriora» argia ekarri du Kepa Altonagak

1925. urteko Axular Egunera garamatza Kepa Altonagak «Axularren gerizapean» saiakeran. Egun hartatik tiraka, hainbat datu, argazki eta idazleak gaurko egunera ekarri ditu Altonagak.

Axula Egunetik tiraka ondu du lan berria Kepa Altonagak. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Hasteko, aipa dezagun liburua ez doala XVII. mendeko Axular zaharrari buruz; urrunegi daukagu. Liburuaren kontakizuna Saran, 1925eko irailaren 17an, ospatu zen Axular Egunaren ingurukoa da». Esaldi horrekin zehaztu zuen Kepa Altonagak ‘‘Axularren gerizapean’’ saiakeraren abiapuntua. Ekitaldi hura garrantzitsua izan zen euskal kulturaren munduan, lehen aldiz bildu baitziren mugaren bi aldeetako idazleak, eta Altonagak azaldu zuen egun haren «antolaketaren misterioan» murgildu dela saiakera honetan. «Gauzak ez ziren konjuru arraro baten bidez suertatu, benetako misterioa baita nola iritsi ziren Axular Eguna ospatzera», esan zuen. Eta gaineratu zuen ekitaldi hark bi aurrekari izan zituela: lehena, Zornotzako bazkaria, 1914ko urrian 32 idazle bildu zituena eta, bigarrena, zazpi urte geroago, 1921eko ekainean, Oiartzunen 57 lagun bildu zituena.

Lehenari dagokionez, Altonagak nabarmendu zuen Zornotzan bildu ziren idazle guztiak gizonezkoak zirela. Bere ikerketa lanaren bidez, bilkura hartako argazkia lortu du saiakeragileak eta horrekin «bereziki pozik» dagoela esan zuen, «ineditoa baita». Zornotzako bilkuraz aipatu zuen emakume bat eta Ipar Euskal Herriko bi idazle ere izan zirela bertan.

Axular Egunari tiraka, Altonagak hainbat datu, argazki eta idazle ezagun eta uste baino ezezagunago dakartza gaur egunera. «Enfasi berezia jarri dut irakurleak topatuko dituen protagonistetan. Tene Mujika esaterako, erabateko ezezaguna duguna, edo Evaristo Bustintza ‘‘Kirikiño’,’ eta beste batzuk ahaztuak, ezkutukoak, sekretuak», jarri zuen azpimarra. Mujikaz nabarmendu zuen egun «makina bat idazle» aurkezten direla idazle eta olerkari debarraren izena daraman bekara, «baina inork ez daki ezer Tene Mujikari buruz. Nik ez dut esango Tene deskubritu dudanik, baina eman diot izenetik haragoko sustantzia», esan zuen.

Horiez gainera, Jean Etxepare medikua, Alberto Palazio Elizaga idazle eta Portugaleteko zubi esekiaren diseinatzailea, Jule Gabilondo, Miguel Unamuno, Maddi Elizaga, Elbira Zipitria… autore ugariren gaineko datuak biltzen ditu egileak saiakeran, eta ematen du datu interesgarririk. Esaterako, emakume idazleen lehen argazkia gerraurrekoa dela: «168. orrian, hor dago argazkia, hamaika emakume idazlerena. Eta testura bazoaz ikusten duzu nortzuk ziren, nortzuk ez ziren joan eta zergatik, menua zein izan zen, txipiroiak onak zeudela eta gainera nork ordaindu zuen kontua», zehaztu zuen.