Amaia EREÑAGA
IPAR EUSKAL HERRIKO ABERTZALETASUNAREN AITABITXIETAKO BATEN HERIOTZA

Euskal kultura nazioarteko mapan jarri zuen Jakes Abeberry dotoreak

Jakes Abeberry astearte gauean zendu zen, 92 urte zituela. Gizon jantzia, zinezko abertzalea eta «Enbata» aldizkariko zuzendaria; hautetsi ohi biarriztarrak lorratz handia utzi du, euskal identitatea errotu eta modernizatu zuen belaunaldiko kidea izan baitzen. Haren aldeko hiletak heldu den abenduaren 5an iraganen dira Biarritzeko Santa Eugenia elizan, 14.30etik goiti.

Jakes Abeberry, 2020an egindako erretratuan.
Jakes Abeberry, 2020an egindako erretratuan. (Bob EDME)

«Ez naiz batere nostalgikoa, datorrenari so bainago. Hurrengo hauteskunde kanpainari, esaterako...». Bizi-bizi eta irribarre sotil batekin jaurtitako esaldi honek islatzen du utzi gaituen Jakes Abeberryk bere bizitzan erakutsi zuen sena. Esaldia bota zuenean «gazteagoa» zen (82 urte orduan; hamarkada bat igaro da ordutik), baina etorkizunari adi eta egunerokoari adoretsu eutsita bizi denaren tankera berezia zuen gizona izan zen beti astearte gauean zendutako Abeberry. Aipatutako esaldi hori “Sur les pas de Jakes” (Jakesen urratsen atzetik) dokumentalean entzun genion, Fipa-n (Biarritzeko nazioarteko zinema dokumentalaren jaialdia) estreinatu zenean. Han omenaldia egin zioten 2013an biarriztarrari.

Izan ere, Biarritz Cultura udal erakundean egindako lanari esker, lehen mailako kultur ekitaldiak ekarri zituen Lapurdiko hiri dotorera eta, bide batez, Euskal Herrira, militante abertzale historiko honek... nahiz eta, zentro eskuineko Didier Borotrarekin lehen akordioa lortu zuenean, «batzuek espero zuten euskal dantza bakarrik programatuko genuela». Abeberryk nazioarteko kulturaren mapan jarri zuen Biarritz eta, aldi berean, hiri euskaldunagoa utzi zuen erretiroa hartu zuenean. Eta horrek plazera ematen zion.

Dantzan, Pirinioen magalean

Abeberry gure herriaren historian lehen mailako protagonista eta lekukoa izan da. Garai nahasietan aktore aktiboa izan zen eta Ipar Euskal Herriko bizitza sozial eta kulturalean erroko aldaketak eragin zituen. Pirinioen magalean kantatzen eta dantzatzen duen herri baten ordezkari dotorea izan da Jakes Abeberry.

Euskaltzaleen leinu bateko partaidea; aita okina zuen, ama irakaslea. Bost anaiaren artean -Albert, Pierre, Maurice, Jakes eta Jean-Claude edo Koko- laugarrena zen. Haietatik hiru abokatu atera ziren -Maurice, Jakes eta Koko-, bizitza politikoan oso aktiboak izan zirenak, errefuxiatuen alde egindako lanagatik eta, oro har, kultura, kirol eta euskararekiko erakutsi zuten konpromisoagatik.

Dantzarekin liluratuta, Segundo Olaeta gernikarraren Oldarra euskal ballet mitikoetan izena eman zuen. Eta han: «15 urte nituenean, euskal errealitateaz jabetu nintzen». 1950. eta 1970. urteen artean, Oldarrak ospe handia lortu zuen Maurice eta Jakesen gidaritzapean. Mundu osoan zehar ibili ziren.

Ipar Euskal Herria esnatzen

Bitartean, 1960ko hamarkadak dena astindu zuen. Ia mende bat geroago, horrela deskribatu zuen “Enbata”-n: «Garaiko geopolitikak oso egoera berezian jarri gintuen. Aljeriako gerraren amaiera zen. Gure gurasoak Frantzia gurtzen zuten beteranoen pentsamoldekoak ziren. Aldi berean, Frantzia Europaren sorkuntzaren parte zen; beraz, egoera erabat aldakorra zen. Bestalde, Hego Euskal Herrian belaunaldi berri bat sortu zen, EAJ astindu eta gurekin elkartzen ari zena».

“Enbata”-ren lehen alea 1960ko irailean zabaldu zen Arbouretten, Euskaltzaleen Biltzarraren urteroko bazkarian. Informazio politikoko astekari hark, frantsesez idatzia, bertako elitea astindu zuen, mugimendu abertzalearen oinarriak ezartzen zituen bitartean. Hor sortu zen euskal departamenduaren aldeko aldarria.

«Basamortua zen. Panorama aldatu egin da erabat, baina orduan ez zegoen irratirik, ez egunkaririk, gureaz eta ‘Herria’-z aparte. Beste aldean ere ez zegoen egunkaririk. Hori duela 60 urte baino ez da. Beste herrialde bat zen».

Abertzaletasunaren «metxa» piztu zuten gazte haiek. Belaunaldi berriei laguntzeko, dibergente gutxi zeuden -Marc Legasse, Etcheverry-Aintchart, Goyenetche eta Lafitte apaiza kasu- eta, frankismoaren garai haietan, EAJk ez zituen urak nahasi nahi: «Telesforo Monzonek bakarrik egin zigun kasu. Horrek EAJtik kanporatzea ekarri zion.

Aldi berean, «ETA sortu zen gurekin harremanetan zeuden gazteengandik». Aldizkariaren inguruan zerbait mugitzen hasi zen eta hori guztia ekintza bihurtu behar zen. Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalea 1963ko apirilaren 15ean jaio zen, Itsasun.

Fatalismoari agur

Manifestazioetan, elkarretaratzeetan... erraz zen Jakes Abeberry mota anitzetako mobilizazio politiko eta sozialetan aurkitzea. Politika munduan jarraitu zuen eta 1991n Biarritzeko alkateorde hautatu zuten, abertzalez, berdez eta independentez osatutako koalizioan zegoela. Didier Borotraren zerrendarekin lortu zuen akordioa eta kulturako ardurak hartu zituen.

Ordutik, lan mardula egin zuen Biarritz Culture egituraren bitartez... azken garaia gazi-gozoa suertatu zaion arren, seguruenik, Maitaldia -Euskal Herriko dantza jaialdirik handiena- Malandain Balletaren arduradun berrien eskuetara pasatu delako. Balletaren etorkizuna bermatu da, baina Biarritz Culture baztertzearen truke.

Hala ere, asko egin duen sentipenarekin joango zen Jakes Abeberry; ziur gaude. Horrela idatzi zuen: «Gaur egun, jendea Euskal Herrira etortzen da bizitzera. Baina lehen denek alde egiten zuten, ez zegoen lanik. (...). Herrialde hau guztia berpiztu da. Itzul mugimendua sortu genuen eta beste leku batean lana bilatu behar zuten gazte asko itzuli ziren. Arrasateko kooperatibak erakutsi genizkien; haiek berriak sortu zituzten. Gure presiopean, Zuberoa, Paueko Merkataritza Ganbera utzi eta Baionakora atxiki zen, Iparraldeko lehen erakundea sorturik. Orain ohikoa dirudi, baina borroka txikiak ziren. Fatalismoa desagertu egin da; herrialde honi bera izateko gogoa eman diogu».

Ahots anitzek nabarmendu dute haren ekarpena

Jakes Abeberry arlo anitzetan itzal handia egin zuen pertsona izaki, haren heriotzak atzo sortu zuen erreakzio andanak ez luke inor harritu behar. Horien artean aitzinetakoa Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariarena izan zen; Twitter kontutik adierazi zuenez, «asko zor dion herrialde honetako borroka guztietan» ibili zen Abeberry. «Konbentzimenduak, adimena eta talentua herri baten zerbitzura. Kultura gizona, koreografia ere bere hizkuntza zen» gehitu zuen. EH Baik eta EH Bilduk ohar bateratua plazaratu zuten. «Ipar Euskal Herriko zein Euskal Herriko ingurumen militantean aktiboki aritu izan da Jakes (...) Militante amorratua izan da, bere azken hatsa arte» adierazi zuten. Era berean, dolumin mezuak hedatu zituzten Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Vincent Bru diputatu zentristak, Frederique Espagnac senatari sozialistak eta Sophie Bussiere, eskualde kontseilari ekologistak. GARA