Beti Onakentzat derbia, bigarren zatian beste martxa bat ipinita (29-25)
Iragan asteburuan bueltatu zen lehiaketa Europako Txapelketaren ostean, eta bigarren jardunaldira itxoin behar izan da euskal derbia ikusteko. Eta a zer-nolako derbia eskaini zuten Beti Onakek eta Zuazok!
Atarrabiako kiroldegian bildutako zaleek eskubaloi partida polita jarraitu ahal izan zuten eta garaipena etxean geratu zen (29-25). Lehen minutuetan hiru berdinketa ikusi ziren (1-1, 2-2 eta 3-3), atsedenaldira 14na joateko. Hala ere, bigarren zatian, beste martxa bat sartuta, etxekoak 14-14tik 20-16ra pasatu ziren sei minututan. 24-20 ere joan zen markagailua, baina Zuazok hortzak estutu zituen eta bi golera ipini zen (24-22 eta 25-23).
Zuazok ez zuen hain goiz amore eman nahi. Hala, Andrea Zalduak 26-24koa egin zuen, baina hor amaitu ziren esperantza guztiak, nafarrek oso ondo jokatu baitzituzten azken minutuak.
BIDASOAREN GARAIPENA
Asobal Ligan, Bidasoa Irunek garaipena erdietsi zuen Huescaren aurka (29-25), sentsazio onak berreskuratuz asteartean Europan lehiatu aurretik.