GARA Euskal Herriko egunkaria
MASTER CUP

Arrizabalaga eta Aldai, aurkariak xehatuta

Aldaik eta Arrizabalagak jokatuko dute finala. (I. URIZ | FOKU)

Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik, entrenamenduetako hamaika ordutan elkar ondu duten bi pilotari eta adiskidek, jokatuko dute datorren larunbatean Zornotzan Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala, Matienan jokatutako finalerdietan Enara Gaminde eta Miriam Arrillaga txikitu ostean.

Hotzari aurre eginez Matienako pilotalekua bete zuten pilotazaleek agian emozio gehiagoko partidak merezi zituzten, baina egunero ikusten ez diren bi erakustaldiz gozatu ahal izan zuten eta gustura joan ziren etxera. Gizonezkoen esku pilotaren historia baldintzatu duten bi pilotariren arteko lehia handienek bezala, Arrizabalaga eta Aldairen arteko neurketek kapitulu berezi bat mereziko dute emakumeen esku pilotaren historiaren liburuan eta dagoeneko klasiko bihurtu den demaren edizio berri batez gozatzeko aukera izango dugu larunbatean Zornotzan.

Lehengo finalerdian Olatz Arrizabalagak xehatu egin zuen (22-2) aurreko kanporaketan horren itxura ona eman zuen Enara Gaminde. Partida orekatuagoa espero zuten pilotazaleek, eta baita pilotariek eurek ere, baina gernikarrak emandako erakustaldia ohikoaz kanpo egon zen. Hasieratik argi zuen Arrizabalagak piloteoa ekidin nahi zuela eta horretarako joko oldarkorra jarri behar zuela kantxan. Pentsatu eta egin; baina ausardiaz harago, eraginkortasun txundigarria erakutsi zuen aurrelari bizkaitarrak.

Saketik hasi zen gernikarra aurkariari min egiten; zorrotz aritu zen lehen pilotakadarekin -zabalera aterata ere egin zion alerik-eta zuzenean tantorik egin ez zuenetan ere sake-errematean ikaragarrizko mina egin zion. Arrizabalagak sekulako erakustaldia eman zuen aireko jokoarekin -ikusgarria da hain denbora gutxian pilotari hauek euren jokoan izan duten garapena- eta bere aurkaria txikitu egin zuen.

Iazko kaiolako hirugarren posturako lehian Gamindek Arrizabalagari irabaztea lortu bazuen ere, atzokoa inpotentzia ariketa bat izan zen Laukizko atzelariarentzat, partidako uneren batean negarrak irteteraino.

ALDAIREN ERANTZUNA

Bere lagun min eta entrenamenduetako kideak egindakoari erantzun nahian edo, Amaia Aldaik beste erakustaldi bat eman zuen, Miriam Arrillagari 22-7 gailenduta. Kaiolako azken bi txapeldun eta iazko finalisten arteko partida ere orekatuagoa espero zen, baina bizkaitarrak koxka bat gorago dagoela berretsi zuen. Arrizabalagari bezala, pilota mistorako jauziak on egin dio dimoztarrari eta atzo pilotari eman zion abiadura izan zen bere garaipenaren giltza. Tantoak amaitzeko orduan ere, atzelariak ez duen beste trebetasun bat erakutsi zuen Aldaik.