GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Zentzugabekeria zurituz ukatutako eztabaida


Abiadura handiko trenaren lanik gehienak eginda zeudela aditzera eman zuten haren arduradun instituzionalek, horixe zen azpiegitura horren etorkizunaren gaineko eztabaidarik ez abiatzeko arrazoia. Hala ere, Ezkioko geltokia eraikitzeko kontratua eteteko erabakiak bestelako datu batzuk utzi ditu agerian, propagandarekin bat inondik inora ez datozenak. Eusko Trenbide Sareak, jakina denez, trenbidea abian jartzeko gutxienez falta diren sei urteetako mantentze eta zainketa kostuak saihesteko erabaki zuen Ezkioko lanak bertan behera uztea, kostu horiek baino merkeago gertatuko baitzaio enpresa eraikitzaileak egin gabe utzi dituen lanengatik kobratu beharko lukeen ehunekoa ordaintzea. Nolanahi ere, oraindik ez dago jakiterik Nafarroako zatiarekiko lotura Ezkion, Gasteizen... edo Logroñon izango den.

Herri honen etorkizuna azpiegitura horren mende zegoen ideia saldu zuten, ia-ia hil edo biziko lehentasun gisa. Proiektuak 2010erako gauzatuta behar zuela esan zuen urte batzuk lehenago Lakuako sasoiko Garraio sailburuak. Urte hartatik hamabi urte igarota, lanen erdiak baino gehiago airean daudela, AHTrik gabe ez da hondamendirik gertatu; gainera, trena ez da benetako abiadura handikoa izango, oraingoz ez dago aurreikusita Bidasoaz bestaldearekiko konexiorik eta hura abian jartzeak ez ditu milatik gora kamioi errepideetatik aterako. Ezin ahaztu, halaber, lan horietan izan diren bederatzi langileren heriotzak, haietako batzuk saihesteko modukoak arauak bete izan balira. Azpiegitura horren aurkako oposizio sozial eta politikoa gaizki tratatua izan da, oposizio arduragabea egiten zuela egotziz eta harekiko eztabaida ukatuz, jendartean oihartzun eta sostengu handia zuela ikusita ere. Orain, zentzugabekeria mukuru hori gorabehera, azpiegitura bertan behera uzteko aukera eztabaidatzeari uko egin diote beren propagandak hedatutako ideia faltsuan oinarrituta.

Dena, are ingurumen kalte ikaragarria egin duen «bidegorria» ere zuritu daiteke, nonbait, hainbeste ardura omen zaien jendartearen etorkizuna bermatzeko, diotenez; jendartearekiko eztabaida, ordea, inondik inora ez.