Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sufritzen ikasita Binakako lehen puntua lortu dute Urrutikoetxeak eta Albisuk

Zaratamokoaren seriotasunari eta gantxoaren eraginkortasunari esker, eta Albisuk hutsak egiteari utzita, buelta eman zioten Laso-Imazen aldeari.

Defentsan langile eta erasoan oso eraginkor aritu zen Mikel Urrutikoetxea.
Defentsan langile eta erasoan oso eraginkor aritu zen Mikel Urrutikoetxea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurreko astean lehen puntuak ihes egin zien era ia berean lortu zuten Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Ander Albisuk Binakako lehen garaipena Bilbon, Unai Laso eta Ander Imazi 19-22 gailenduta. Partida gogor baten ondoren Tolosan amaierara akituta heldu eta Peña-Mariezkurrenaren aurka azken txanpan amildu baziren, atzokoan sufritzen ikasi zutela esan genezake eta Zaratamokoaren gantxoei eta amaiera aldera Albisuk erakutsitako sendotasunari esker kontra zuten 16-13ko emaitzari buelta eman zioten lan asko egindako beste partida batean.

Pazientzia eta eskarmentua dira Baikoko bi beteranoenek osatzen duten bikotearen bi dohainik nabarmenenak eta lanerako grinak eta Mikel Urrutikoetxeak ezker gantxoan izan zuen eraginkortasunak lagunduta -10 tanto egin zituen airez-, konfiantza hartzeko puntua lortu zuten.

BOROBILA BAINA GOGORRA

Lehia borobila baina gogorra izan zen atzo umez beteriko Bizkaia pilotalekuan jokatutakoa eta horretan bizkaitarra eta goierritarra Laso eta Imaz baino puntu bat gorago egon ziren. Eta hori egungo txapeldunordeak partidaren zati handienean markagailuan aurretik izan zirela. Kontua da, hein handi batean aurkariek egindako opariei esker lortu zutela markagailuaren agintea. Gehienean partida osoan akatsik egin ez zuen Ander Imaz -azken sakea bota zuen oiartzuarrak- dominatu bazuen ere, Jon Ander Albisuk huts askotxo pilatu zituen eta hortik etorri zen gorrien aldea. Saiatu zen Unai Laso sotamanoz partidaren erritmoa aldatzen, baina sasoiz fresko egon arren, jokoz ez dago bere punturik onenean Bizkarreta-Gerendiaingoa eta lehia asko gogortu zen.

Lehen atsedenaldi luzetik bueltan izan zuten Laso-Imazek euren aldeko alderik handiena, 13-8, baina partida aldatu zen hortik aurrera. Pilotak gelditzen joan ziren eran, Albisu erosoago sentitu zen kantxan, akats kopurua ere asko murriztu zuen eta apenas eman zion aukerako pilotarik Lasori. Kantxa asko bete ostean, bi atzelariak oso nekatuta heldu ziren azken txanpara eta partida erabaki zen une horretan partidako onena izan zen Mikel Urrutikoetxeak bere aldera eraman zuen garaipena.