GARA Euskal Herriko egunkaria

Martxoa aitzin, udal hauteskundeak errepikatu beharko dituzte Senperen

Agir Pour Saint-Pee oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa eman ondoren, hiru hilabeteko epea dute Senperen herri bozak berriro egiteko. Iragan urrian Dominique Idiart auzapeza buru duen gehiengoa zartatu egin zen, Senpere Bai talde abertzaleko bost kontseilari udal gobernutik atera ondoren. Geroztik krisia areagotu egin da.

Osoko bilkura Senperen, azaroaren hasieran. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den udazkenean Senpereko herri kontseiluan azaleratu zen krisia dela-eta, hauteskundeak berriz egin beharko dira Lapurdiko herrian. Agir pour Saint-Pee oposizio taldeko zazpi zinegotzik dimisioa aurkeztu ondoren, hemendik 2023ko martxora bitartean udal bozak berriro egin beharko dituzte.

Oposizioko kontseilariek larunbatean jakitera eman zuten erabakia: atzo, astelehena, aurkeztuko zutela dimisioa udalean.

Senpertarrei zuzenduriko eskutitzean azaldu zutenez, «hauteskunde berriek aukera emanen diete herritarrei hitza hartzeko eta balio beharko lukete, era berean, herri kontseiluan konfiantza sortzeko».

Agir Pour Saint-Pee taldeak nabarmendu zuenez, azkeneko hilabeteetan «tokiko erronkei erantzuteko eta Senperek beharrezko dituen egitasmoak aurrera egiteko» proposamenak aurkeztu dituzte.

Beren asmoa ez omen zen izan Dominique Idiart auzapezaren aurka jotzea, «baizik eta herriak dituen beharrei erantzutea», gaineratu zuten kargua utzi zuten hautetsiek. Ildo beretik, ondoko asteotan talde berria aurkeztuko dutela iragarri zuen Agir Pour Saint-Pee udal taldeak; «ahal den eta azkarren herriaren alde lan egiteko prest izateko».

Dimisioa ez da sorpresa izan. «Egoera jasangaitza da eta nahitaez behar da dinamika berria martxan eman», iragarri zuen dagoeneko iragan azaroan Jean-Bernard Dolosor-ek, Agir Pour Saint-Pee taldeko bozeramaileak. Alkateak azaroaren 10ean deituriko udalbatzarretik alde egin zuen, taldeak bilera hasi aitzin.

Iragan urriaren 8an, berriz, udal gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik aliantza haustea deliberatu zuten. Ordurako, udal gobernuan jarduten zuten bertze bost kontseilarik tantaka beren ardurak utzita zituzten alkatearen lan moldeekin ados ez zirelako.

Abertzaleen irteera

2020ko udal hauteskundeetan Dominique Idiart egungo auzapezaren zerrendan aurkeztu ziren Senpere Bai talde abertzaleko bost zinegotzi gehiengoaren ibilmoldeaz kexu azaldu ziren.

Zinegotzi abertzaleek gutun batean deitoratu zutenez, udal kontseiluan hautetsi guztiek ez zuten «proiektuen gogoeta eta eraikuntza prozesuetan berdintasunean parte hartzen». Horien esanetan, zirkulu hertsian hartzen ziren erabakiak udal gobernuan eta horrek gaiztotu zuen lan giroa.

Bide batez, salatu zuten Idiartekin hauteskundeak egin aitzin adosturiko hainbat egitasmo urteetan gibelatuko direla.

Oposizioko taldeak dimisioa eman ondoren, herriko kontseiluak legeak agintzen duen hereneko quoruma galdu du. Bozak noiz egingo diren laster jakingo da, baita Idiartek zein abertzaleek hauteskunde horietara begira zein hautu hartuko duten ere.