Aitziber PZ. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Munduko argazkia

Ohikoa da futbolean izaten diren lehietatik abiatutako irakurketa politikoak egitea. Azken egunotan, nazioarte mailako harremanen eta gatazken analisiak egiteko baliatu du hainbatek Qatarreko mundiala. Partida askoren inguruan eta bereziki emaitzen kariz jazotzen ari direnak esanguratsuak dira. Baina irakurketa potoloez harago, zenbait jokabidek gizabanako bakoitzaren erradiografia egiteko balio digute, eta emaitza orokorrek ez dute inondik inora itxura onik. Egunotan entzun eta ikusi ditugun zenbaiten irain, mehatxu eta erasoak transbertsalak dira, eta berdin balio dute futbola txapelketa bateko aurkariari edo berdintasun ministro bati esateko. Bien bitartean Iraneko emakumeek sekulakoa lor dezakete datozen asteotan. Emakumeak zapia eramatera derrigortzen dituen legedia berraztertuko dutela iragarri dute hango mandatariek eta, tentuz bada ere, garaipen txiki eta albiste on moduan ulertu izan da.

Heteropatriarkatuaren argazki lgtbifobiko, misogino, xenofobo eta baztertzailea osatzen ari da Qatarrekoa baliatuz. Irango emakumeen erreboltaren garaipena gauzatuko balitz, historiak ondo gogoratuko du nor egon den haien ondoan eta nork ez zuen besoko ziztrin bat ere jarri nahi izan, eskubideen urraketan oinarrituz ospatu den lotsarik gabeko Munduko Futbol Txapelketan.