Jon ORMAZABAL
GALDAKAO
Interview
MIKEL LARUNBE
Pilotaria

«Nire langile eskubideak defendatzeagatik zigortu naute»

Lan hitzarmena amaituta izan arte itxaron nahi izan du Mikel Larunbek (Galdakao, 1993), azken hilabete luzeetan bizi izandakoaz hitz egiteko. Aske sentitu denean, aho bizarrik gabe mintzatu da galdakoztarra, barruan zuena botatzeko ia galderarik egin beharrik izan gabe, pilota profesionalaren barrunbeetatik, bere minetik eta bere bizipenetatik.

(Monika DEL VALLE-Oskat MATXIN EDESA | FOKU)
Lehen egunak pasatu dira pilotari izateari utzi zenionetik. Nola sentitzen zara?

Alde batetik, penarekin, nahi baino lehenago amaitu delako bide hau. Baina, egia esan, gustura, orokorrean egindako bidearekin. Hamar urte izan dira, hamar urte gehien gustatu zaidana egiten, horretaz bizitzen. Jende asko ezagutu dut, esperientzia asko bizi izan ditut. Momentu txarrak ere izan dira, baina saiatu naiz horretatik ikasten eta alde onekin geratzen, asko izan dira eta.

Kirol aldetik, arantzaren bat geratu zaizu?

Bai, pare bat arantza bai: Binakako final hori, Oinatzekin galdutakoa, azkenean ez nuelako nire maila eman finalean; eta, bestetik, justu final hori jokatu eta hurrengo urtean ere lehen mailako txapelketa jokatu nuen, eta ematen zuen erdi egonkortuta nengoela lehen maila horretan, estelarrak jokatzen... eta lesio handi bat, fibrosi bat izan nuen, eta urtebete eman nuen oso gaizki pasatzen, errekuperatu ezinda. Gero, gainera, enpresak ez zidan batere lagundu hor, eta kostatu zitzaidan buelta ematea. Gero zenbait kontu pasatu dira, enpresak oztopo asko ipini dizkit, eta ezin izan dut nire onena eman.

Asegarcen egon nintzen bitartean, sei urte horietan, nahiko pozik, nire gorabeherekin, garapen bat izaten; eta garai horretako oroitzapen onak ditut.

Banatu egiten dituzu Asegarce eta Baiko garaiak?

Bai, Asegarceko garaia oso ondo. Baiko sortu zenean Joserra Garai gerente moduan sartu zen, eta justu urte horretan lesioa izan nuen. Orduan batu ziren lesioko urte zail hori, non egon nintzen hainbat bidaia egiten masajistengana, tratamenduak, astero-astero berriak, eta probak egiten... hasieran bitik bira ere ezin nuen piloteatu. Eta hori gutxi balitz, enpresaren aldetik babes oso gutxi izan nuen, dena zen presioa. Binakako finala jokatu eta gero, nik uste merezita, kontratu on bat sinatua nuen, eta Garairekin izandako bileretan dena zen presioa, «begira ze maila ematen ari zaren eta nolako kontratua duzun», asteburu batean gaizki jokatu eta jarrita nuen beste partidaren bat edo bi kendu, errieta txarto nengoelako edo ez nuelako espero zen maila ematen... Uste dut hori ez dela egokia, ez dela kirolari bati emateko tratua. Nik beti eman dut ahal izan dudan guztia. Nire akatsak izan ditut, baina entrenamendu eta partidetan beti saiatu naiz ahalik eta hobekien egiten, onena ematen.

Eta lesio horretatik urtebetera hasi nintzen errekuperatzen, jarraitutasun normal batekin entrenatzen eta jokatzen, eta maila on bat hartzen. Hor heldu zen, 2020ko hasieran edo, enpresak kontratua aldatzeko ahalegina, Asegarce Baiko izatera igaro zenean. Lehen Asegarceko eta Baineteko -irudi eskubideak- kontratuak genituen, eta enpresak egin nahi izan zuen kontratu bakarra. Nire kasuan, nik niregatik egin dezaket berba, baldintzak okerragoak ziren, baina legez enpresa behartuta zegoen lehengo baldintzei eustera. Nik ezetz esan nuen; besteetatik gehienek uste dut aldatu egin zutela kontratua, eta hor ia bigarren liskarra izan nuen enpresarekin. Gero greba etorri zen, greba batzordeko kide izan nintzen Ibai Zabalarekin batera; hauteskunde sindikalak izan behar genituen eta ordezkari moduan ere aurkeztu nuen nire burua. Greba amaitu zen eta greba ostean, gero hitz egingo dugu nahi baduzu, baina elkarte bat sortu zen, greba ezerezean geratu zen elkarte hori sortu zelako, eta ni ez nintzen sartu elkarte horretan. Ez nuen akordioa sinatu, ez nintzen elkarteko kide egin.

Elkarte horrekin lortu zen greba akordioko puntuetako bat zen soldataren %20ko jaitsiera; baina ni ez nengoen elkartean eta ez nuen ezer sinatu. Hala ere, enpresak murrizketa hori aplikatu zidan inolako justifikazio ekonomikorik egin gabe, inolako dokumenturik erakutsi gabe. Orduan ere ez zebilen legea betetzen, eta demanda bat sartu nuen. Hilabete batzuk ibili ginen hor eta, azkenean, epaiketa baino bi egun lehenago, enpresak erabaki zuen erretiratzea; itzuli egin zidaten zor zidaten diru guztia, eta hortik aurrera ez dut kirol aukerarik izan. Nahiz eta ondo ibili, beti hirugarren partidak edo itzaleko partidak jokatzen aritu naiz, urtebete telebistan agertu gabe, partida pilo bat Salamancan, Avilan... Tratua ez da ona izan. Jendeak uste du azken urteko kontua izan dela hau, grebatik aurrerako kontua dela, baina aurretik zetorren zerbait zen. Gauzak pilatzen joan dira, baina egin dudan bakarra nire langile eskubideak defendatzea izan da, eta zigorra jaso dut horregatik.

Zergatik elkartetik kanpo?

Gustatuko litzaidake testuingurua esplikatzea. Greban ginen eta enpresarekin bi bilera izan genituen greba batzordeak; berez, greba batean hori da negoziazio legezko bakarra eta enpresak, negoziatzekotan, greba batzordearekin egin behar du. Lehen bileran argi geratu zen enpresaren negoziatzeko gogo eza, ez zuen dokumentu bakarra ekarri, aurrez eskatutako txosten ekonomiko bakarra ere ez. Hitzarmen kolektiboa ere ez zen ikusi, guk hitzarmen kolektibo hori negoziatzen hasi nahi genuen. Bigarren bileraren ostean atera zuten komunikatu bat, saiatuko zirela lau pilotari horiek hartzeko negoziazioak hasten; baina gero esan zuten negoziazioa talde osoarekin egin nahi zutela, eta horrek ez zuen zentzurik, batzuk grebatik kanpo zeudelako. Argi geratu zen ez zutela errespetatu langileon estatutua, harreman indibidualak nahi zituzten, antolatutako langilerik gabe...

Eta bigarren bilera hori baino egun bat edo bi lehenago irten zen elkartearen komunikatua. Eta hori sinatu zuten grebalariokin elkartasunik adierazi ez zuten Baikoko bi pilotarik -Olaizola II.a eta Urrutikoetxea- eta Aspeko beste bik -Altuna eta Ezkurdia-, aurretik gurekin kontaktuan ipini gabe, ez ezer. Nik uste enpresak atzean egon zirela, greba batzordeko negoziaketa gainetik pasatu eta elkartearen bidez greba amaitzeko. Hauteskunde sindikalak hor zeuden, datarekin ipinita. Nik uste enpresaren jokaldia hori izan zela, elkarte hori bultzatu, greba batzordearekin genituen negoziazioak eta hauteskunde sindikalak bertan behera uzteko.

Gero bozkatu genuen, eta egia da gehiengoak aukeratu zuela elkarte hori eratzea eta hauteskunde sindikalak bertan behera uztea. Horregatik nik ez nuen sinatu greba osteko akordio hori, eta ez nintzen elkarteko kide egin. Errespetatu nuen lankideen erabakia, baina erabaki nuen elkarte horrek ni ez ninduela ordezkatzen, eta langileak garen heinean gure elkarte naturala sindikatu bat dela.

Elkarte bat ez da negoziatzaile legala enpresekin berba egiteko, ezin du hitzarmen kolektibo bat negoziatu enpresarekin, ez dauka babes legalik enpresaren aurka... Borondate oneko akordioak dira, baina ordura arte enpresak ez zuen inolako borondaterik erakutsi; eta lortzen diren akordio horiek betetzera, legez, enpresa ez dago behartuta. Hauteskunde sindikalak eginez gero, delegatu bat izanda, langileak antolatuta egonda, atzean sindikatu bat egonda, benetako indarra izango genukeen, hitzarmen kolektibo bat izateko ahalegina egin ahal genuen, enpresa langileei zenbait informazio ematera behartuta legoke, tarteka negoziatzera... eta elkarte batek ez dauka hori. Nik penarekin amaitu nuen gatazka, hori guztia eskura izan eta jendeak beste bide hori hartzea erabaki zuelako. Nik, oraintxe bertan, egoera lehengoaren antzera ikusten dut: pilotariek inolako babesik gabe jarraitzen dute.

Zure kasuan babes falta sentitu izan duzu?

Bueno, bakoitzak ikusiko du zenbaterainoko inplikazioa erakutsi nahi izan duen. Ondo egongo zen lankideek salaketa egin edo babes hori agertu izatea. Bai, egia da aldagelan eta esaten zidatela, batez ere aurten. Ondo egongo zen, baina horregatik ez dut lagunik galdu, eta benetan familiaren eta lagunen babesa jaso dut, eta hori da garrantzitsuena.

Jendeak eskertu zizun, Galdakaoko agurra polita izan zen

Bai oso polita. Frontoia bete zen, bertako jendea hurbildu zen, lagunak familia... Azkenean igarri nuen jendea ez zela joan pilotari handi bat izan naizelako, ze ez naiz izan; baina joan zen, estimua didatelako, errespetatzen nautelako. Pankartan ipintzen zuen: «Harro zutaz&csMarker;». Eta nik uste hori kirol mailaz harago doala. Garrantzi handia ematen diot, txapel batek baino gehiago balio du, eta hor geratuko da beti niretzat. Jendea oso ondo portatu zen, detaile pilo bat, klubak, udalak, lagunek... Oso hunkigarria izan zen eta beti gogoratuko dut egun hori.

Pilota utzi beharrak ez zintuen ezustean harrapatuko.

Ikusten zen joera zein zen. Nik horren aurrean ezin dut ezer egin; kontratua amaitzen bada, amaitu da. Baina kontratuak iraun duen bitartean, bai, saiatu naiz nire lan eskubideak defendatzen. Eta horregatik zigortu nau enpresak. Pilota halako enpresen esku egoteak ere pena ematen dit.

Azkenaldian, gainera, emaitza onekin aritu zara. Norbaitek esango du hirugarren partidak zirela, baina partida asko irabazi dituzu.

Hori da, bitxia da, ze aurten izan da garaipen batez besteko handiena izan dudan urtea. Egia da batez bestekoa eta maila izan behar direla kontuan, eta jendeak esan ahal du hirugarren partidak zirela, hemendik kanpo jokatutakoak... Baina irabazten bazabiltza eta besteek aukerak badituzte, zuk zergatik ez? Nik badakit nire mugak ditudala, baina behintzat beste partida batzuetan ipini nautenetan maila eman dut. Argi dago enpresak itzalean eduki nahi izan nauela, eta lortu du. Nik topera entrenatu dut, jokatu ahalik eta ondoen; nire onena ematen saiatu naiz beti.

Grebako denak ez badira ia denak joan zarete. Ikusten duzu aldagelan zuen bidea jarraituko duen norbait?

Ez dut ikusten aldaketa handirik izango denik. Bere garaian izan genuen aukera muturren aurrean; bozkatu egin zen eta beste bide bat hartzea erabaki zen. Ez dut ikusten langile kontzientzia garbirik benetan egoerari buelta emateko, behar den moduan. Hori da geratzen zidan pena.

Gogorra behar zuen egoerak, grebarako urratsa emateko...

Bai, ez zen izan lau hauek kanpoan geratzea bakarrik. Atzetik zetorren, ikusten zen enpresaren tratua, pilotariekin jarrera, isunen kontua, jendea ez zegoen gustura entrenamenduekin... Baiko hasi zenetik, Garai sartu zenetik, gero eta tentsio handiagoa izan zen; eta ondoren lau hauen kontuarekin are gehiago. Gainera enpresak beti esan izan du «ekonomikoki txarto gaude». Arrazoia beti zen ekonomikoa. Eta greba garaian nik ikusi ahal izan nuen sindikatuarekin batera, eta gero langileei esplikatu nien, kontuak aztertuta, bai %20ko jaitsiera aplikatzeko, bai lau pilotariak ez berritzeko ez zegoela inolako arrazoi ekonomikorik, are gutxiago, kontuan izanda pandemia garaia hiru hilabetetako kontua izan zela, eta Asegarce-Baikoren ibilbidea urteetakoa. Argi ikusi ahal izan zuten zifratan ez zegoela inolako arrazoi ekonomikorik hori guztia justifikatzeko, eta froga da eskatu ditugula 200 aldiz justifikazio ekonomikoak eta inoiz ez digutela ezer ere erakutsi, ezta ABEEE garaian ere. Une horretan enpresa behartuta dago legez informazioa ematera; eskatu genuen eta orduan ere ez zuten legea bete.

Zer diren gauzak, orain Mariezkurrena eta Laso dira enpresaren zutabeak

Bai, eta pozten naiz hor daudelako. Jendeak esango du, enpresari mesede bat egin geniola. Baina nik pentsatu nahi dut pilotari egin geniola mesede handia, eta pilotazaleek merezi duela halako pilotariak hor egotea. Horrekin geratzen naiz eta pozten naiz haiengatik. Alde horretatik behintzat merezi izan zuen. Ea urte askotarako dauden hor.

Hemendik aurrera pilotarekin harremanik izango duzu edo nazkatu zara?

Ez naiz nazkatu. Orokorrean, hamar urteak hartuz gero, gauza onekin geratzen naiz eta pozik nago egindakoarekin. Eta berriro errepikatuko nuke. Orain denbora apur bat behar dut niretzat. Atseden hartu ondoren, hemendik bi-hiru astera ikusiko dut, gorputzak eskatzen didana egingo dut. Entrenatu eta takoak ipintzea eskatzen badit, hasiko naiz berriro. Izan ditut eskaintzak partidetarako eta. Baina ikusiko dut.