Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Bigarren garaipena jarraian ospatu du Eibarrek, zailtasun guztiak gaindituz

Armaginen zoramena, Leschukek bigarrena sartutakoan.
Armaginen zoramena, Leschukek bigarrena sartutakoan. (SD EIBAR)

Igoera zuzenetik puntu bakarrera kokatu da Eibar, bigarren garaipena jarraian ospatu ondoren. Berriro ere zailtasun guztiak gainditu eta azken txanpan markagailua irauli zuen. Eibar lidergoa eskuratzeko helburuarekin zelairatu zen Burgos gogorraren aurka.

Izan ere, talde zuri-beltzak beti babestu izan ditu bere abantailak atzo arte. Eta ez da harritzekoa, aurreko 18 jardunaldietan sei gol besterik jaso ez dituela eta hamahiru aldiz atea hutsean utzi duela kontuan hartuta. Jaso duen estrategiazko lehen gola Eibarrek egindakoa da, eta Caro huts egiten ikustea ere ez da ohikoa, jokaldi horretan gertatu zen bezala. Dena kontra izan zuen atzo Burgosek, eta epailearekin ez zuen zorte handirik eduki, bi jokaldi eztabaidagarri izan baitziren -Bermejo erretiratu egin zen Nolaskoainek ukondoz jo ostean, eta Curro area barnean erori zen Correak atzetik ukiturik- eta bietan Eibarren aldeko erabakia hartu baitzuen.

Horri guztiari talde armaginaren beraren ekarpena gehitu behar zaio. Partida ona jokatzeaz gainera, konfiantzari eutsi zion, Gasparrek atsedenaldirako zortzi minutu falta zirela sekulako jaurtiketa bortitzarekin Burgos markagailuan aurretik jarri ondoren. Bere une apalena, bitxiki, bigarren zatiko hasiera izan zen, baina Gaizka Garitanoren aldaketak ondo etorri zitzaizkion, eta primeran ixten den aurkaria estutasunean jartzen joan zen apurka.

Carok huts egin zuen korner batean, Stoichkoven gola erraztuz eta talde bien joerak baldintzatuz. 87an, Corpasek baloia Leschuki utzi zion, ezinezkoa zirudiena gauzatzeko.