Imanol CARRILLO
PILOTA

Bigarren garaipena Laso-Imazentzat, huts gehiegi egin duen bikotearen aurka

Hasierako 6-0ko partzialaz eta Peña-Mariezkurrenak pilatutako 14 hutsez baliatuta irabazi zuten atzo arratsaldean Bergaran jokatutako neurketa.

Unai Lasok asko asmatu zuen aurreko koadroetan.
Unai Lasok asko asmatu zuen aurreko koadroetan. (Jon URBE | FOKU)

Unai Lasok eta Ander Imazek aurtengo Binakako Txapelketako bigarren garaipena erdietsi zuten atzo Bergaran aurreneko bi neurketak irabaziak zituzten Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrenaren aurka. Hasieratik erritmo biziaz baliatuta, eta aurkariek egindako 14 hutsez lagunduta, bigarren puntua eskuratu zuten lehenengo hiru jardunaldietan.

Oso entxufatuta hasi zuen partida atzo gorriz jantzitako bikoteak. Urdinek lehiako lehen sakea egin aurretik, ikustekoa zen Imazek nola jarraitzen zuen bere gorputza berotzen, eta bereziki, besoak. Hala, hasiera-hasieratik abantaila nabarmena eskuratu zuten 6-0ko partzial bati esker.

Peña eta Mariezkurrena, aldiz, ez zeuden eroso, eta atzelaria laster hasi zen hutsak pilatzen -zortzirekin amaitu zuen partida-. Huts horiekin eta Lasoren abileziarekin, 5-0koan egin zituen bi paretak adibidez, neurketa alde batera erortzen hasi zen.

Hala ere, urdinek ez zuten berehala amore eman nahi, eta Peña garaiz esnatu zen. Aurrelari urdinak 6-1ekoa egin zuen, 7-3koan pilota errebotera bidali zuen ezkerrez eta, ondoren, sake-errematearen bidez 7-4koa ipini zuen markagailuan. Baina hutsak egiten jarraitu zuten. 11-6koak polemika pixka bat sortu arren -Lasok bigarren botean eman ziola adierazi zuten epaileek, nahiz eta lehenengoan zirudien-, gorriak 12-7 joan ziren, aurretik, lehen atsedenaldira.

ERREAKZIO EDERRA

Ondoren iritsi ziren partidako tantorik ederrenak. Peñak hiru egin zituen segidan: 12-9an ezker aire eder batekin txokoan, 12-10ekoan ezker gantxoz zabalean, eta hurrengoan sakez, markagailuan 12-11 ipiniz.

Gorriek berriro partidaren zama hartu zuten eta Lasok bikain erantzun zion Peñari aurreko koadroetan. 14-11koan bi pareta ikusgarriak egin zituen, 15-11koan zabalera bidali zuen pilota, bere aurkaria ezker paretan “harrapatuta” zegoela ikusita. Eta 16-11koa sakez egin zuen. Hortxe bukatu ziren markagailua iraultzeko aukera guztiak, beste bost huts gehiago pilatu baitzituzten eta Lasok eskapada batekin amaitu baitzuen neurketa, txokoan.