GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Defentsa indartzea da Bera Beraren helburua, Gascan festa pizteko

Donostiarrek hiru goleko errenta altxatu behar dute Besançonen aurka; badakite zein akats egin zituzten, eta horiek hobetzen ahaleginduko dira.

Bera Berako entrenatzailea eta jokalariak. (Jon URBE | FOKU)

Lehiakortasun puntu altua bilatzen duen edozein taldek edo kirolarik bere akatsak ikustea berebizikoa izaten da, hobetzen hasteko. Super Amara Bera Berak hiru goleko errentagatik galdu zuen iragan larunbatean Besançonen etxean, EHF European Leagueko multzo faserako txartela emango duen kanporaketako joaneko partidan. Baina entrenatzaileak eta jokalariek badakite zer egin zuten gaizki eta zer egin dezaketen hobeto bihar (12.10, ETB), hiru gol horiei buelta eman eta harmailak beteko dituen Gasca kiroldegia festa bat bihurtzeko.

Imanol Alvarez entrenatzaileak, adibidez, onartu zuen «sentsazio txarrak» izan zituztela joaneko neurketan, baina ondoren bideoak ikusita, «badakigu zer egin behar dugun erasoan hobeto ibiltzea lortzeko. Bagenekien eta badakigu ere gure jarrera aldatu behar dugula defentsan, agresibitate pixka bat gehiagorekin. Eta etxean jokatzen dugu; uste dut hori agertuko dela eta horrek aukera gehiago emango dizkigula», aitortu zuen.

Alba Menendez kapitainak ere onartu zuen: «Ez ginen guztiz gu izan. Akats asko izan genituen, une askotan ez ginen %100ean aritu... Orokorrean, larunbatean erakutsi genuena baino talde askoz ere hobeagoa gara eta baikor gaude». Horregatik, «aste osoan lanean daramagu akats horiek zuzentzeko, partida gure alde bihurtzeko eta kanporaketa pasatzeko. Espero dut guk disfrutatzea pistan, jarraitzaileek harmailetan, eta festa bat izatea», gaineratu zuen.