GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Kutxabank Araskiko zazpi «samurai» garaile

Murtziako Jairis taldeari 80-79 irabazi dio talde gasteiztarrak, soilik zazpi jokalarirekin aritu arren. Lointek Gernikak Valentzian 83-73 galdu du.

Talde lanari esker irabazi zuen Araskik. (Endika PORTILLO | FOKU)

Marina Ortiz de Zarate harrobiko jokalariak ere minutu gutxi batzuk izan zituen, baina Kutxabank Araskik denboraldiko zazpigarren garaipena, laugarrena segidan, zazpi jokalarirekin lortu zuen atzo: Maria Asurmendi, Flor Chagas, Txell Alarcon, Tanaya Atkinson, Natalie Van den Adel, Agustina Burani eta Maimouna Diarra izan ziren Madelen Urietaren «zazpi samuraiak».

Arabarren aurkaria Emakumeen Endesa Ligako azken-aurrekoa izanagatik, gorriak eta beltzak ikusi zituen Kutxabank Araskik irabazteko. Azken minutuetan 77-68 aurreratu zenean bazirudien garaipena patrikan zuela, baina bai zera! Gernikako jokalari ohi Melisa Brcaninovicen bitartez Hozono Global Jairis taldeak 0-8ko partziala erdietsi zuen. Azken segundoetan Natalie Van den Adel eta Maimouna Diarraren arteko jokaldi bikain batek eta 24 puntu sartu zituen Tanaya Atkinsonen odol hotzak erabaki zuten Mendizorrotzako dema.

Holopainen eta Pardo gabe, luze egin zitzaion partida talde gasteiztarrari, baina Jairisen aurrean eusten jakin zuen.

GERNIKAK SARIRIK EZ

Lanak eman zizkion Lointek Gernika Bizkaiak Valentzia Basketi Fonteta kiroldegian. Baina valentziarrek hamaikatxo baliabide dituzte eta azkenerako 83-73 gailendu ziren, bizkaitarrek merezi baino puntu alde handiagoarekin.

Hasieran 9-0 aurreratu ziren etxekoak, baina 2-14ko partzial batekin erantzun zuten Anna Montañanarenek. Atsedenaldira arte, Spreaficxo eta Wojtari esker, parean eutsi zioten partidari, baina Leticia Romero valentziarren antolatzaileak eta Lauren Cox pibotak partida hautsi zuten azkenean. Bizkaitarren aldetik Patricia Burak debuta egin zuen eta maila ona eman ere bai.