GARA
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Bidasoa, Mazedonian ahal duen guztia eman, urtea zapore onarekin amaitzeko

Aurkari gogorra espero du Bidasoak gaur gauean.
Aurkari gogorra espero du Bidasoak gaur gauean. (Jon URBE | FOKU)

Abendua hilabete zaila eta gogorra doa, baina hemen dute Bidasoa Irun taldeko jokalariek nolabaiteko saria. Ligan ibilbide deserosoa daramate gipuzkoarrek, baina Europan txipa aldatu eta maila ezin hobea ematen ari dira. Gaur, Eurofarmen aurka jokatuko dute, Ipar Mazedonian (20.45), urteari amaiera emateko. Izan ere, Suedia eta Poloniako Munduko Txapelketa dela-eta, txapelketa ez da otsailera arte bueltatuko.

Gaurkoa D multzoko hirugarren postua mantentzeko aurkari zuzena da. Duela astebete, Artalekun, Bidasoak hamabi goleko errentarekin irabazi zion (32-20), eta gol aldea garrantzitsua izan liteke etorkizunean, hurrengo fasera sailkatzeko gol kopurua kontuan hartu behar izanez gero -gogoratu behar da lehenengo lau sailkatuak pasatuko direla hurrengo fasera-.

Cuetarak onartu du garaipen hori ez dela erreferentziatzat hartu behar, baina presioa kendu nahi izan die bere jokalariei. «Partida gakoa izan baino, beste batzuk izan diren bezala, astearte honetakoa aukera bat bezala hartzen dugu», adierazi du asturiarrak.