GARA Euskal Herriko egunkaria

Negurako 1.050 milioi euro emango dizkiote estatu laguntzaileek Ukrainari

Jendea, Kieveko metroan babestuta, alerta batean. (Dimitar DILKOFF | AFP)

Ukrainak laguntza gehiago eskatu zuen atzo, haren aldeko estatuek Parisen egin zuten Elkartasun Biltzarrean. Erruasiaren bonbardaketek suntsitu dituzten azpiegiturak berreraikitzeko laguntza ez ezik, armamentu astuna ere eskatu zuen: tankeak, artilleria eta airekoen aurkako defentsa-sistemak, besteak beste.

«Gutxienez 1.500 milio euro behar dira Ukrainako energia-instalazioak pixka bat konpontzeko», adierazi zien Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak. Azkenean, parte hartzaileek neguan Ukrainaren gutxieneko beharrak ordaintzeko 1.050 milioi euro bildu zituzten.

Zelenskik hiru urrats proposatu zizkien: alde batetik, «indar berria», arma astun gehiago emanez; bigarrenik «sendotasun berria» energia, finantzak eta gizarte-egonkortasuna zaintzeko, eta hirugarrenik, «diplomazia berria», bide diplomatikoen bidez okupatutako lurraldeak askatzeko.

Kremlinek hiru atal horiek «gerran jarraitzeko urratsak» direla deitoratu zuen eta Ukrainak «sortutako errealitate berriak» kontuan hartu behar dituela nabarmendu zuen, Errusiak bereganatutako eskualdeak aipatuz (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson). «Ez baditu errealitate berri horiek kontuan hartzen ezinezkoa da [konponbide baterantz] aurrera egitea», berretsi zuen Moskuk.

Bitartean, fronteetan borroka latzak bere horretan dirau eta indar errusiarrak Donetsken Bakhmut eta Marinka hartzen saiatzen ari dira.

Moskuk, Marinka kontrolpean hartzen badu, Ukrainak Donetsk-eko auzoen kontra bonbardatzeari utz diezaion lortuko du.