GARA
OSASUNA

Juan Cruz, 2026ra arte eta 15 milioi euroko klausula

Juan Cruz Osasunako jokalariak 2026ra arte luzatu du kontratua, azken urteetako bere ahalegin guztiaren sari gisa. Atzelari madrildarraren balioaniztasuna giltzarria izan da talde gorritxoarentzat. Duela hamaika hilabete berritu zuen azkenekoz kontratua eta, beraz, luzatze berri honekin are argiago uzten du klubak Juan Cruzekiko konfiantza handia duela.

30 urteko jokalaria 2020ko abuztuan fitxatu zuen Osasunak, Bigarren Mailan Elx taldearekin nabarmendu ostean. Zale gorritxoek bere iritsiera onartu zuten, baina Elxi ordaindutako 2,75 milioi euroek ezbaian jarri zuten operazioa, madrildarrari asko kosta baitzitzaion taldeko giltzarrietako bat bilakatzea.

Egun, ezin daiteke ezbaian jarri Juan Cruzen konpromisoa. «Bere errendimenduari, laguntasunari eta sakrifizioari esker, taldekideen eta zaleen errespetua eta maitasuna bereganatzen jakin du», adierazi zuen gorritxoen klubak komunikatu baten bitartez.

BERDINKETA GIRONAN

Duela bi hilabete ligako jardunaldian egin zuten bezala, Gironak eta Osasunak berdindu egin zuten atzo Montilivin jokaturiko lagunartekoan (1-1). Torro izan zen gorritxoen golegilea, 66. minutuan, bere taldekide baten area kanpoko jaurtiketa bat oinarekin ukitu eta atezaina ezustean hartuz. Sei minutu geroago, ordea, Aleix Garciak berdinketaren gola egin zuen, Samu Saizen pase ikusgarria aprobetxatuz.