GARA
KIEV

Kieven Errusiak eginiko erasoa eragotzi duela esan du Ukrainak

Kievek ziurtatu du atzo goizaldean Ukrainako hiriburuaren aurka Errusiak jaurtitako drone irandar guztiak suntsitu dituela. Bestalde, Moskuk ohartarazi du bere helburu bilakatuko direla Ameriketako Estatu Batuek hara bidaliko dituen Patriot sistemak.

Drone baten zatiek eragindako kalteak.
Drone baten zatiek eragindako kalteak. (Sergei SUPINSKY | AFP)

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Errusiak atzo goizaldean hiriburuaren aurka egin zuen erasoa saihestu izana txalotu zuen. Bere esanetan, jatorriz irandarrak diren 13 “Shahed” drone kamikaze jaurti zituen Kieven eta inguruko herrien aurka; «eta denak suntsitu ditugu».

Kieveko Administrazio Zibil-militarraren arduradunak, Serhii Popkok, albistea berretsi zuen, baina aire defentsari eta «gerra elektronikoari» esker suntsitutako droneen zati batzuk eraikuntza ofizial batean eta lau etxebizitzatan erori zirela gaineratu zuen, batez ere Xevtxenkiv-eko barrutian. Hala ere, kalte materialak bakarrik eragin zituzten. Agintariek aire-alerta egoera ezarri zuten Kieveko, Zhitomirreko eta Vinnitsiako eskualdeetan.

Joan den urritik, Khersonetik alde egin behar izan zuenetik batik bat, Errusiako Armadak astero erasotzen die Ukrainako azpiegitura kritikoei, drone eta misilekin.

Aurreko erasoa abenduaren 5ean izan zen, eta Ukrainaren herena, Kiev tartean, argindarrik eta urik gabe geratu zen.

Atzoko erasoa, bezperan Mendebaldeak Ukrainari 1.000 milioi euroko dirulaguntza ematea adostu ostean gertatu da. Ukrainarrak hotzak jota ez hiltzea da laguntzen helburua.

Kievek laguntza eskertu zuen, baina aire-defentsarako sistemak eskatu ditu erasoei aurre egiteko.

Patriot misilak

Kremlinek onartu duenez, Ameriketako Estatu Batuek Ukrainara Patriot misilak bidaltzen badituzte, misilen aurkako misil sistema horiek «helburu militar» bihurtuko dira.

«Bai, noski», erantzun dio kazetari bati Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak,, Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordearen hitzak bere egiten ote dituen galdetu dionean.

Dimitri Medvedevek azaroaren amaieran ohartarazi zuenez, horrela balitz, «Patriot-ak Errusiako Armadaren helburu militar bihurtuko dira berehala».

CNN telebista kateak asteartean aditzera eman zuenez, Patriot-ak Ukrainara bidaltzekotan da Joe Bidenen Gobernua, eta aste honetan baiezta dezake.

Gauzak hala, Gabonetan su-eten bat iragartzea ez dagoela Errusiaren agendan ziurtatu du Peskovek.