GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Jon Azkue kapitainak 11 urteren ostean Bidasoa-Irun utziko du

Orioko lehenengo lerroko jokalariak noizbait Txingudiko badiako klubera itzultzeko atea zabalik laga du bere agurrean. Gurutz Aginagalde presidenteak esker onez onartu du jokalariaren erabakia.

Jon Azkue, aurtengo denboraldiko partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa-Irun taldeko lehen lerroko eta taldeko kapitain Jon Azkuek taldea utziko du denboraldi honen amaieran, Irungo taldean hamaika urte eman ondoren, horietako zortzi Asobalen, eta, beraz, talde gipuzkoarrak posturik garrantzitsuena -erdikoa- indartu beharko du.

Bidasoak atzo eguerdian jakinarazi zuenez, Orioko jokalariak oso etapa emankorra ixteko asmoa agertu du, 2023ko udara arte lotzen duen kontratua bete ondoren. Ez du esan nora joango den baina, zurrumurruei kasu eginez gero, Estatu frantseseko liga indartsura joango omen da.

«Erabakitzea oso zaila izan da. Beti esan izan dut nire kirol bizitza guztia hemen ematea gustatuko litzaidakeela, edo azkenengo urteak behintzat hemen pasatzea. Baina pentsatu izan dut ere esperientzia berriren bat bizitzeko aukera sortuz gero bizitzea gustatuko litzaidakeela. Horixe suertatu da eta, nahiz eta klubak ahalegina egin duen, eta alde horretatik oso eskertuta nagoen, erabaki hau hartu dut», adierazi zuen jokalari oriotarrak Bidasoa-Irunek berak plazaratu zuen bideo baten bitartez.

«17 urterekin iritsi nintzen eta orain 29 egitear nago; beste heldutasun bat daukat orain jokalari bezala, eta pertsona bezala ere bai. Asko aldatu naiz eta nik uste asko hazi eta hezi naizela denbora tarte honetan guztian eta garapen handia izan dudala», gaineratu zuen erdiko jokalari gipuzkoarrak.

Ildo horretatik, Bidasoako kapitain izatea berarentzat zer den ere azaldu zuen Azkuek. «Pribilegio bat da niretzat Bidasoa bezalako talde historiko bateko kapitain izatera iristea. Rol ezberdinak izan arren, kapitain izatea niretzat beste bat gehiago izatea da, talde-lana gustatzen zaidalako. Ez nago inoren gainetik eta aldagela honek ondo funtzionatu badu horregatik izan da».

Bidasoan eman behar dituen azken hilabeteei buruz, «bigarren itzuliaz asko gozatzeko» itxaropena duela esan zuen Jon Azkuek. «Artalekuko partidak modu berezian biziko ditut hemendik aurrera eta, orain arte bezala, azken partida horietan, kantxan daukadan dena lagako dut», hitzeman zuen oriotarrak.

ORRI TXURIAK

Hunkituta, azken mezu bat ere bidali zuen Azkuek. «Espero dut gure bideak berriz ere noizbait elkartuko direla. Liburu honek orri txuri batzuk baditu eta, beraz, hau ez da nire hemengo azken kapitulua».

Bestalde, Gurutz Aginagalde presidentea ere mintzatu zen kapitainak taldea utziko duela eta. «Nahiz eta Bidasoak eskaintza bat egin, azkenean beste bide bat hartuko du Azkuek», esan zuen.

«Klubaren nahia Jon bertan geratzea zen. Duela urtebete edo hizketan hasi ginen hemen gera zedin, baina aldatzeko momentua iritsi dela erabaki du Jonek. Ez genuen nahi une hau sekula iristerik, baina bere erabakia da eta noski ulertzen eta onartzen dugula. Beraz, eskerrak emateko ordua da. 2011n hona iritsi zen jubenil hark ekainean Bidasoako kapitain besokoarekin etapa bat itxiko du hemen», adierazi zuen Bidasoa-Iruneko presidenteak.

«Jon Azkue da eredua, Iñaki Caverorekin batera, talde barruan jokalari bat nola hazten doan. Horregatik, esker ona baino ezin dut erakutsi eta, Jonek berak esan duen bezala, orri txuri batzuekin geratu den liburu hori ea etorkizunean betetzerik daukagun. Eskerrik asko Jon!», amaitu zuen Gurutz Aginagaldek.