GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Baskonia Euroligako goiko puntan dela itzuli da etxera Turkiatik

Atsedenaldiaz geroztik sufritzea egokitu arren, lehenbiziko erdian 27-48 aurretik izan da Fenerbahçeren kantxan. Eta amaieran eusten jakin du.

Meritu itzela izan zuen Henryren partidak. (EUROLEAGUE BASKETBALL)

Etxetik landa nola moldatuko ote zen galdezka joan zen Saski Baskonia Gasteiztik, eta astebeteren buruan etxetik kanpoko lanak bikain eginda itzuliko da.

Euroligako sailkapeneko goiko erpinean dela aterako da Istanbuldik, bederatzigarren garaipenarekin, Fenerbahçe mendean hartu ostean. Egia da atsedenaldiaz geroztik sufritzea egokitu zitzaiola; bistan da 20 minutu horietan orotara 24 puntu baino ez zituztelan sartu. Alabaina, aurreneko erdian emandako erakustaldiarekin, 27-48 aurretik jarrita, azken minutuetan partida gobernatu ahal izan zuen.

Pierria Henryren lana nabarmendu behar da. Jokalari onena Markus Howard izendatu zuen Euroligak, baina Henry ostegun gauean oraindik AEBetatik Turkiarako hegazkin bidaia egiten ari zen. Virginiakoak aurreneko erdian erotu egin zuen bere talde ohia eta bigarren erdian, apunteria galdu arren, patxada eman zion, aurkaria lauzpabost puntura hurbildu zenean.