Jon GARMENDIA
Idazlea

Argazkia

Txikitako argazkien usaina zeukala erbesteak, eskuetan erdi zimurtuta hartu eta oharkabean memorian izoztu zitzaidan epokaren oroiminarena; galtzamotzetan ibilitako garaiak berriro gogoratzea bezalakoa zelako agian, bizitako uneak argazki izateari utzita berriro ez nituela biziko jakitea, eta amak beso artean nola hartzen ninduen oroitzea, berriro ez nauela hartuko jakinda. Antzeko zerbait idatzi nuen poema batean aspaldi, ikusezina den distantzia fisikoari buruz. Sorterria utzi beharrari erretinaren zati bat eskainiz. Baina laburki heldu begiarekin begiratu nion nik, orain bada haurrarenetik begiratu dionik, isildutako errealitate bati ahotsa jarriz. Ikusezinak, erbesteratuen haurrak. Hala idatzi du Miren Azkaratek, eta berak badaki horretatik. Eskuartean hartu eta argazkiari begiratua emateko zain nago. Iragana eta oraina argazkitan hartzeko premiaren beharrez agidanean. Argazkietan dena kabitzen da, kontatzen ez dena ere bai, gibelean zerbait desberdina gordetzen baita. Ikustea da gakoa. Eta zahartzen noa ni ere bide horretan, ileurdintzen, bizarzuritzen bestela. Astero zutabe bat idatziz ordezkatuko ninduen argazkiari beha pasa ditut urteak, baina hamarretik gora joan dira jada, eta hark ordezkatzen ote ninduen zalantza piztuta berritzea erabaki dut, ez dakit beste hamar pasatuko ditudan honi begira, ez eta zuk ere, irakurle. Bizitza ez naiz ni, baina nire bizitza nigandik hasten da, eta balio hori baizik ez du, kontatzen hasita kontatzen jarraitzea.