GARA
ATLETISMOA

Urko Herran eta Nerea Egia izan dira Gasteizko Maratoi Erdiko txapeldunak

Nerea Egia irabazlea, helmuga zeharkatzen.
Nerea Egia irabazlea, helmuga zeharkatzen. (MEDIA MARATON VITORIA)

Eguraldi bikaina lagun zutela, ia 3.000 korrikalari, heldu zein ume, bildu ziren atzo Gasteizen, bertako Maratoi Erdiko 44. edizioan parte hartzeko. Irabazleak Urko Herran gasteiztarra, gizonezkoetan, eta Nerea Egia donostiarra, emakumezkoetan, izan ziren.

Gizonezkoen korrikaldian, iaz lortutako garaipena errepikatu zuen Urko Herranek, 1:07:43ko denborarekin, eta haren atzetik Pablo Benito (1:08:45) eta Javier Perez (1:09.00) helmugaratu ziren Arabako hiriburuan.

Emakumezkoetan, Nerea Egia donostiarra bere lehen parte hartzean gailendu zen, 1:21:23ko denbora eginda. Hori bai, lasterketa hasieran, Ainara Uribarri izan zen proba buruan ipini zena 30 segundoko aldearekin, baina Durango Kirol Taldeko korrikalariak behera egin zuen, Nerea Egiaren indarra tarteko, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 1:21:41 denbora eginda. Podiumeko hirugarren mailara Pilar Fernandez igo zen (1:21:55).

Inork ezin izan zituen probako markak hautsi: Nieves Zarzarena (1:17:45) eta Ivan Perezena (1:03:51).