EDITORIALA

COP15: aurrerapausoa, baldin gauzatzen bada

Lurreko biodibertsitate galerari aurre egiteko akordioa lortu zuten atzo ia 200 herrialdek COP15 NBEren Biodibertsitatearen gaineko Biltzarrean. Bi astean zehar negoziatzen jardun ondoren eta, garabidean dauden herrialdeen eta aberatsen arteko desadostasunak tarteko, behin baino gehiagotan atzeratutako bileran sinatu zuten ituna aurrerapauso bat da planetaren biziraupenerako ezinbesteko neurriak biltzen dituelako. Horrelakorik gabe, erabateko porrota izango zatekeen bilkura; ez lehena, baina bai erabatekoa.

Montrealen sinatutako akordioak aurreikusten du planetaren lehorreko eta itsasoko azaleraren % 30 babespean ezartzea, eta epe laburrerako eta ertainerako jomugak ditu, 2030erako eta 2050erako, hurrenez hurren. Gaur egun lurreko ekosistemen % 17 eta itsas eremuen % 10 inguruk baino ez dute babes figura formal bat. Itunaren arabera, herrialde sinatzaileek bermatuko dute nekazaritza, akuikultura, arrantza eta basogintza eremuak modu iraunkorrean kudeatzea, biodibertsitatea errespetatzen duten jardueren erabilera nabarmen areagotuz; baita gutxienez degradatutako ekosistemen % 30 leheneratzea ere; halaber, herri indigenen eta tokiko komunitateen eskubideak aintzat hartuko dituzte.

Konpromisoak hartzea, ordea, ez da zailena. Askoz zailagoa da horiek betetzea, are gauzatzeko neurrietan atzera ez egitea. Hainbat erakunde ekologistak aurrerapausotzat jo dute Montrealen sinatutako akordioa, baina zehaztapen falta sumatu dute, arrazoiz. Paper errea bihurtzeko arriskua, alegia. Adibiderik ez da falta. COP15en Biltzarrak hain gai garrantzitsua eztabaidatzen zuen bitartean, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak aditzera eman zuen hutsaren hurrengo dela dagoeneko ikatzaren kontsumoa murrizteko helburua, munduko herrialdeek berotze globala saiheste aldera ezinbestekotzat jotzen dutena. Izan ere, haren kontsumoak gora egin du gasaren garestitzeak eraginda. Txina eta India dira ikatz kontsumitzaile handienak, baina horiez gainera, besteak beste, Alemaniak ere emendatu du bere kontsumoa, eta 2022an inoizko ikatz kontsumorik handiena izango da. COP15en ituna garrantzitsua da, baina gauzatzeko zain dauka mundua.