Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Adam Ondrak eta Chaehyun Seokek inoizko asterik onena sinatu ote dute?

Eskalatzaile txekiarrak, blokean 8c+ sinatzeaz gain, 9b+ landuta eta 9a bistan egin zituen azaroko hirugarren astean. Korearra, berriz, 9a+ eta bistan 8c igotzeko gai izan zen aste horretan bertan.

Askorentzat ulertzeko erraza ez den arren, kirol eskaladan jarduten duten espezialistek hotza izaten dute aliatutzat. Izaera horretako igoerak egiteko ezinbestekoa da ukimena, eta askok eta askok orain dute urtarorik egokiena. Horietako ordezkari batzuek, adibidez, sona handia duten Kataluniako eskalada eskoletara bidaiatzen dute. Beste batzuk, aldiz, etxean geratzen dira antzeko baldintzak dituztelako.

Hurrengo lerrootako bi protagonistak horren isla dira. Ondrak Txekiar Errepublikan jardun duen bitartean, Chaehyun Seo Katalunian izan da. Hori aipatu ondoren, gehitu behar dugu biek ala biek inoizko asterik emankorrena izan dutela. Eta horri azpimarra berezia jarri behar diogu.

Ondrak egun arrakastatsu horiek 9b+ mailako bide batekin hasi zituen. Holstejn-en dagoen “Zverinec” egiteko gai izan da. Hots, zailtasun horretako bere laugarren bidea da. Baina azken jarduera horrek badu berezitasunik. Txekiarrak berak onartu du “Silence”-ren (9c) ondoren egin duen marra zailena dela. Argi du ez duela maila hori, baina ez da ausartu 9b+/c proposatzera.

“Zverinec” kateatu bezain pronto, eskalatzaile honek honakoa adierazi du: «Onartu behar dut murru honetan eskalatu dudan “Vasil Vasil” (9b+) baino askoz ere gogorragoa dela. Baina ez dut uste 9c denik. Bikotea haurdun zegoenez, joan den apirilean etxetik gertu proiektu gogor bat bilatzen hasi nintzen. “Perlorodka” bidearekin sekzio batzuk partekatzen dituen xede horrekin buru belarri jarri nintzen. Hurbil egon nintzen, baina, Hugo semea maiatzaren 2an jaio zenez, ekinaldiak bertan behera utzi nituen. Udan bero handia egin zuen, eta udazkeneko baldintza egokien zain geratu nintzen. Oso aldakorrak izan ziren hasieran, baina bat-batean hotza heldu da. Kateatu nuen egunean 0° egin zuen; arrokaren ukimena bikaina zen».

Arrakasta hori lortu eta hiru egunera, bigarrena iritsi zen. Sloup izeneko alderdian “Pohar Nesmrtelnosti” korapiloa askatzea erdietsi du. Proposamena: 8c/+. Bi urte zeramatzan zailtasun horretako blokerik egin gabe: «Proiektu hori buruan nuen, eta, denbora aprobetxatu nahi nuenez, Sloup-era hurbildu nintzen baldintza oso onak zeudelako. Onartu behar dut amaiera ez dela erakargarria, baina mugimendu oso bikainak ditu. 8c/+ proposamena egin dut, baina 8c+ izan daiteke ere».

Eta aste “ero” hori biribiltzeko, txekiarrak soka berriro gerrira lotu eta Misja Pec-en “Water world” bidea (9a) bistan igo du. Zortzi urte zeramatzan halakorik egin gabe.

Gogora dezagun Ondrak 9a bistan lortu zuen bere lehen bidea Euskal Herrian kokatuta dagoela. 2014. urtean Baltzola bisitatu zuen, eta den-denak zur eta lur utzi zituen “Il domani”-n izandako erakustaldiarekin.

BIKAIN ERE

Ondra ez bezala, Chaehyun Seo atzerrian izan da; hain zuzen ere, Katalunian. 19 urteko korearra ez da arrokan benetako espezialista; bai, ordea, lehiaketetan.

Alabaina, egoera hori hankaz gora utzi du Siuranako “La Rambla” (9a+) eta Montsaten “L’antagonista” (8c) egin eta gero. “La Rambla” zazpi ekinalditan bakarrik egin du. Protagonista bera harrituta zegoen Siuranan lortutakoarekin: «Ikaragarria izan da, besteak beste, bide horrek saio oso gutxi eskatu dizkidalako. Amets bat egia bihurtu dut; ez nuen uste gai izango nintzenik! Zaila egiten ari zait arrakasta hori kudeatzea».

Ramon Julian katalana izan zen marra hori kateatu zuen lehen eskalatzailea. 2003an izan zen; hain zuzen ere, Chaehyun Seo jaio zen urtean. Marra horren lehen igoera emakumezkoa 2017an heldu zen, Margo Hayesek izan zen.

“La Rambla” igo eta gutxira, beste ekarpen bat egin zuen. Toni Arbonesek Raco de Missan (Montsant) ekipatutako “L’antagonista” (8c) bistan egitea lortu du. Maila hori erdietsi duen bigarren emakumea bihurtu da. Janja Garnbret izan zen lehena Olianan (Lleida) “Fish eye” eta “American Hustle” estilo horretan sinatu ondoren.

“L’antagonista” kateatzeko, Montsanteko hormetara hurbildu zen, eta eguna hasteko eta gorputza berotzeko “Hidrofobia”-ren (8b) katera erorikorik gabe iritsi zen. Bide horrek 8b+ zailtasuna zuen garai batean. Josune Bereziartua izan zen bistan igo zuen lehen emakumea; garai haietan maila gorena zen. Aitzitik, heldu diren errepikapenekin “Hidrofobia” 8b bezala geratu da.

Bistan beste arrakasta bat lortu ahal izateko, “L’antagonista” aukera zuen: «Janja Garnbret-en ostean, 8c bistan egin duen bigarren neska bihurtu naiz. Sinistea zaila egiten zait oso. Nahiz eta lehiek bistan eskalatzeko eskarmentua ematen didaten, arrokan oso gutxi eskalatzen dut estilo horretan. Harkaitzean orain arte egindako bide gogorrena 8a mailakoa zen. Eta hori hamabi urterekin egin nuen».