Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Produktuak

Musika garraiatzeko euskarri ugari sortu dira historian. Papera eta anotazioa zein ahozko transmisioa izan dira milaka urtetan kantak, doinuak... transmititzeko era bakarra. Diskoa sortu zen arte, eta harekin batera, musikaren industria, eta industriarekin, inoizko negozio-modurik errentagarri eta lukurreruenetako bat ernaldu zen. Eta diskoa gure bizitzari lotu zitzaion, liana bat bezala arbolari, poliki-poliki, larrua bildu eta barruan iltzatu zitzaizkigun erroak utziz. Baina industria asegaitza da; “garapen” deritzote gero eta mozkin gehiago lortzeko modua ematen duten asmakizunei.

Diskoaren ondoren etorri ziren kasetea, CDa, laser-disca eta abarrak. Eta gero, berriz ere, bing-banga, kataklismoa, internetek jo zuen planeta eta dinosauroak hil hurren utzi. Eta horrelaxe gaude orain, inork ez dakiela oso ongi zer den euskarri, zer disko, zer disko-liburu, zer pendrive, zer multimedia, streaming edo dena-delakoa. Adibidez, Durangoko Azokako zerrendetan ez dituzte diskoak zenbatzen, produktu musikalak baizik. Hondorik gabeko zaku zabal bat, non kabi daitezkeen denak. Irizpide zuzena deritzot. Baina tristura pixka bat ematen dit, benetan, izen aldaketak. Zer iritziko zenioke, «aurten 400 liburu kaleratu dira» irakurri beharrean, aurten «400 produktu-literario» kaleratu dira irakurtzeari? Diskoa izan da, mende eta erdian, musika-ekoizpenaren ikur eta erreferente nagusia. Baina, orain badakigu, produktua baino ez zen. Eta okerrena: banan-banan izendatu behar al ditut etxean ditudan milaka produktu musikalak?