GARA Euskal Herriko egunkaria
VOLODIMIR ZELENSKI WASHINGTONEN

Bisita historikoa eta keinuz betetako hitzaldia

Gutxi, oso gutxi dira Etxe Zurira traje eta gorbata barik doazen gizonezko agintariak. Volodimir Zelenski ukrainar presidenteak botak eta oliba-koloreko jertsea zeramatzan Biden presidentearen aldamenean, baita bileraren ostean Kongresuko bi ganberetako ordezkarien aurrean egindako hitzaldian ere. Estetikagatik bakarrik, oso egun berezia izan zen asteazkena. Historikoa, zergatik ez esan.

(Mandel NGAN | AFP)

24 ordu lehenago bisitaren berri izan zenetik, erabateko ikusmina piztu zen (Winston Churchillen 1941eko bisitarekin alderatzeraino) Ameriketako Estatu Batuetan. Lehendik ere agerikoak dira Washingtoneko etxe eta bazter askotan urdin eta hori koloreak; elkartasuna da, oro har, nagusi. Baina ukrainar diasporako kide batek ziostanez, hunkituta daude Zelenskiren bisitarekin, baina badakite gerraren nekea mundu osora ari dela zabaltzen (ekonomian, horniduran, elikagaietan, erregaietan) eta AEBak estu hartu ezean, edozein unetan abandonatu zaitzaketela, bezperan zure maitale sutsuena izanda ere. Kurduek edo afganistandarrek ondo dakite hori. Horregatik zeukan garrantzia orain artean bideokonferentziaz egin duena bertatik bertara adieraztea Zelenskik, emozioetatik tiraka dei berezia egitea AEBetako herriari eta haien ordezkari politikoei.

Besteak beste, hamaika egun barru Ordezkarien Ganbera errepublikanoen kontrolpera igaroko delako, eta Nancy Pelosiren lekua har lezakeen Kevin McCarthyk behin eta berriz errepikatu duelako ez diotela «txeke zuririk emango Ukrainari».

Zelenskik «bi alderdiak eta bi ganberak» aipatu zituen, errepublikanoen babesa ere espero duela nabarmentzeko. Orain, pixka bat konplikatuago daukate Ukrainaren aurka aritu izan diren errepublikano trumpzaleek (Donald Trump Juniorrek «nazioarteko laguntzen esker txarreko erregina» esan zion Zelenskiri). Mitch McConnell Senatuko oposizio errepublikanoko buruak, berriz, alderdi barruan Ukrainaren alde izan duen jarrera indartuta ikusi du: «Babesa ematen jarraitzea zuzena da moralki, baina ez hori bakarrik: inbertsioa zuzena ere bada, AEBetako berezko interesetan».

Ukrainako presidenteak, funtsean, AEBen interes berekoi horri egin zion dei.

Estatubatuarren dirulaguntza «ez da karitatea, demokrazian eta segurtasun globalean egindako inbertsioa baizik, eta ardura handienarekin darabilgu». Zelenski trebea da oratorian, baita arrotza zaion hizkuntzan egin behar duenean ere. Ingelesez mintzatu zen Kongresuan hasi eta buka, eta hamar aldiz baino gehiagotan altxarazi zituen kongresistak aulkitik, hitzaldiari «pronostiko guztien aurka, Ukraina bizirik dago» esanez ekin zionetik. AEBetako erreferentziaz josi zuen hitzaldia, eta Pearl Harborren erasoaren biharamuneko Franklin Delanore Roosevelten hitzak ekarri zituen: «Estatubatuar herriak, bere indarrean, erabateko garaipena lortuko du. Ukrainako herriak ere irabaziko du, erabat» esan zuen epikaz.

Bakhmuteko frontetik zuzenean zetorrela gogorarazi zuen: «Badugu artilleria, eskerrik asko. Aski da? Egia esan, ez. Kanoi eta munizio gehiago behar da, erresistitzen duen gune bat izatetik Errusiako armada kanporatzera pasatu nahi bada». Esker txarreko itxura eman nahi gabe, baina entzule zituen gizon-emakumeen ardura zenbaterainokoa zen mahai gainean jarri zuen: «Badakit dena gure esku dagoela, Ukrainako indar armatuen esku, baina munduaren esku ere asko dago. Munduan asko dago zuen esku», bota zien Zelenskik zuzenean parean zituen kongresukideei.

Eta laguntza gehiagok gerra okertzea ekar dezakeela diotenen aurrean, argi utzi zuen ez dutela «behin ere eskatu AEBetako soldaduek gure lurraldean borrokatzeko. Ziurtatzen dizuet ukrainar soldaduek bikain erabil ditzaketela AEBetako tankeak eta hegazkinak».

Eguberri zoriontsuak opatu zizkien kongresukideei, eta gogorarazi zien biharko Gabon gaua «kandelen argitan» ospatuko dutela ukrainar askok, «ez erromantizismoagatik, argindarrik, berogailurik eta urik ez dagoelako baizik, gure azpiegituren aurkako erasoen ondorioz. Ez gara kexu, ez dugu konparatzen noren bizitza den errazagoa. Zuen ongizatea independentziaren aldeko zuen borrokaren eta garaipenen ondorio da. Ukrainarrok ere gure independentzia gerran arrakasta izango dugu».

Keinu emozionalekin batera, AEBetako segurtasunaren ikuspegitik pragmatikoagoak direnak ere baliatu zituen. Errusiak erabili dituen Irango droneak aipatuta, adibidez: «Iran mehatxu kritikoa da gure azpiegiturentzat. Terroristek elkar topo egin dute. Oraintxe geldiarazten ez baditugu, denbora kontua da zuen beste aliatuei erasotzea». Israel izenez aipatu beharrik gabe, begi bistan jarri zien kongresukideei esku artean daukaten erantzukizuna, AEBetako belatzek ere ondoen ulertzen duten hizkuntzan. Ikusi beharko da gerrako fase berri baten abiapuntua den.