Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Interview
MINET PEÑA, EUSKOPRINCESS
Musikaria

«Pasatutako tristurak jolasean eta alaitasunez landu nahi izan ditut»

Minet Peña hernaniarraren proiektua da Euskoprincess. Jaioterritik Hollywooderainoko bidaia fantasiatsua irudikatu du «Hollywood Star-System» mixtapean. Emakume transexuala den aldetik, bizitzan izandako gorabeherak ere izan ditu hizpide kantetan, «nire egoera bertsuan daudenentzat lagungarri izan daitekeelakoan».

(Martxel MONTERO)

Minet Peña dago Euskoprincess proiektuaren atzean. Azkenaldian Madril aldean dabilen arren, Euskal Herrian ibili da bolada batez bere musikari zabalkundea ematen. Ikuspegi oso desberdin batetik landu du auzoaren eta musika urbanoaren kontzeptua eta hori argi ikusten da bere azken bideoklipean.

‘‘Hollywood Star-System’’ mixtapea kaleratu du 2022an, Euskoprincess-en izenean, Minet Peña hernaniarrak. ‘‘Ziku’’ izeneko abestiak intro moduan irekitzen du lana, baina «hasieran introa zena kanta da gaur egun, asko erre dutelako».

Zikuñaga auzoan sortu zen, askok bertako industriagunearekin edota sagardotegiekin lotuko duten auzoan, baina berarentzat beste zerbait da: «Hazi naizen tokia da, txikitatik nerabezaroraino bertan bizi izan nintzen. Bertatik Hollywooderako bidaia fantasiatsua irudikatu nahi izan dut mixtape honetan». Emakume transexuala da Euskoprincess eta bizitzan izandako gorabeherak ere jaso ditu bere kantetan: «Gaur egun Madrilen bizi naizen arren, denek besarkatu zuten ‘Ziku’ abestia. Zikuñagako festetan jotzeko ere esan zidaten, baina ezin izan nuen. ‘Lehendakari’ kantarekin ere jolasean aritu nintzen, nire ‘ni’ berria sortzen ari nintzela; lehendabiziko emakume lehendakaria bihurtuko nintzela esan nuen. Musikak trantsizioan lagundu dit, pasatutako tristurak eta beste hainbat gauza jolasean eta alaitasunez landu nahi izan ditut, nire egoera bertsuan daudenentzat lagungarri izan daitekeelakoan».

Reggaetoira bideratu dute proiektu musikala eta La Joyeriakoekin aritu da lanean. «Nik argi nuen zer nahi nuen: auzoko musikarekin bat egitea; zerbait ‘txabakanoa’ egitea zen helburua. Beste hiru kantak Bartzelonan egin nituen, beste soinu finago baten bila», kontatu digu hernaniarrak.

‘‘D1ck P1ck’’ kanta etorri zen geroago, Ben Yart nafarrarekin batera egindako abesti probokotzailea. Zakil argazki gogaikarriak abiapuntu hartu zituzten, baina beste modu batera landu zuten kontua: «Ben Yart eta biok ‘fototula’ terminoa erabili dugu gero gure artean; sekula ez dugu aipatu ‘zakila’. Nire dualitatearekin jolasteko modua ere izan da eta, gainera, ez dakigu nork nori bidaltzen dion argazki hori. Halako zerbait kontsentsuatuta dagoenean, onarpena badu, ez da ezer bortitza».

Sexualitatea modu esplizituan bizi duten artistak dira biak hala biak. «Kanta, sorreran, lasaia eta erromantikoa zen. Gauza da Ben Yart eta biok Iruñetik Bilbora gindoazela dena aldatzeko ideia izan genuela. La Joyeriako Asier harrituta zegoen gure erabakiarekin, gu autotxokeetako soinuak sanpleatzen hasi ginelako estudiora iritsi orduko. Bi ordutan egina zegoen abestia», dio Euskoprincessek.

Trapa kanten hitzetan

‘‘Money Queue’’ kantan diru kontuez ari zaigu Euskoprincess. Beraz, musika munduan dirua egitearren dabilen edo ez galdetu diogu: «Dirua dirua da eta gogoko ez duela esaten duenak gezurra dio. ‘Me quiero forrar’ hortik dator, baina musikaz gozatzen dudala esan beharra dago. Lotsagabea naiz kanten hitzetan, trantsizio mementoan nintzelako, eta nitaz hitz egiten hasi nahi zuenari material gehiago eman nahi niolako, nire gorputzaz harago hitz egin zezan».

‘‘Chondi’’ kanta da mixtapeko hirugarrena. Katxea igo, diskotekak bete... arrakastaren zera horrekin dabil jolasean. «‘Chondi’ bero egotea da, baina ez sexualki. Norbait goxo dagoenean edota memento gorenean, hori ere bada ‘chondi’».

Kanta horrek 2000ko hamarkadako reggaetoi soinua du -Daddy Yankee, Don Omar, Wisin & Yandel…- eta Euskoprincessek esan digunez, «nahi gabe etorri zen soinu hori. Batzuetan melodia batetik edo esaldi batetik hasten da kanta. Nik hemen argi nuen abestiak beroa izan behar zuela; anaiak nirekin barre egiteko erabiltzen zuen hitza zen, txikitako lagunek ere erabiltzen zuten… Nire belaunaldiarentzat arraroa da akaso, baina helduagoek, 2000ko hamarkadako parrandazaleek, erabiltzen dute eta haiengana zuzendu nahi izan nuen abestia».

Fantasiatik errealitatera

Las Vegaseko hotel ezagunenetako baten inguruan ari da ‘‘Bellagio Luvin’’ kanta. Hotel mota horrek eta hango kasinoek jendea liluratzeko iruditeria sortzen dute, baina haietan gertatzen dena ez da urre kolorekoa izaten. «’D1ck P1ck’ egin nuenean auzoko maitasuna nahi nuen irudikatu eta abesti horretan, berriz, Hollywooderako bidean ematen den maitasunaren falta ageri da. Hau da, goia jo dudala Bellagion egonda, baina auzoko maitasun hori faltan botatzen dudala, bakarrik nagoela funtsean», nabarmendu du. Musika aldetik reggaetoia eta hardstylea nahastu ditu, Euskal Herriko hainbat diskotekatan nahastu izan diren estiloak: «Nik Euskal Herriko diskoteka askorik ez dut zapaldu, Zul eta Dcibelia soilik, baina Madrilen Fabrik eta makina bat musika ezagutu nuen. Etapa hori ere irudikatu nahi izan dut diskoan, kasinoak oso eroak baitira eta eromen horretara eramaten gaitu kantak».

‘‘Hollywood’’ kantak ixten du mixtapea eta badu Bad Gyalen kutsua; hartara, ulertzen da Bartzelonan sortu izana. «Introa Ben Yartek egiten du eta irudikatu nahi dut berriz ere auzora itzuli nahi dudala, diruak ez duela ezertarako balio eta pertsonaiak pertsonaiari irabazten diola; horren aurreko porrota erakutsi nahi izan dut bertan».

Bideoklip berria kalean

Atlantikaldian, DabaDaban edota Eslava aretoan aritu da 2022an Euskoprincess. Duela aste batzuk bideoklip berria argitaratu zuen: «Dembow batean sortu dugu, oso esperimentala, eta kolonbiarrek galdetu zidaten zergatik aukeratu genuen erritmo hura. Kanta euskal mitologiaren inguruan ari delako eta nahasketa interesgarria sortzen duelako». Arriguri etxeak egindako bideoklipean Irene, Chill Mafiako abeslaria, eta biak agertzen dira: probokatzailea da, zeresana emango du, eta Sorotan Bele taldearen klasiko bati aipamena egiten dio. Ez du inor epel utziko Euskoprincessek.