Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Programa

Nola du izena Txinako biztanlerik altuenak?», galdetu zion aurkezleak lehiakideetako bati. Munduko Errekorren Guinness Liburuaz ari zen? Hala bazen, galdera zinez bitxia zen, itxuraz tonu arras informalekoa ematen zuen saioan (lehen aldiz ikusten ari nintzen eta ez nuen argi nondik nora zihoazen gauzak). Lehiakidea erantzun bat emateko gai ez eta derrigorrezko hamar segundoak igaro ostean, aurkezleak «Txin Fin» esan zion jostalari. Umetan entzundako txisteekin gogoratu nintzen: ezjakintasunaren eta modu akritikoan barneraturiko xenofobiaren emaitza ziren txisteekin. Herrialde batzuetan telebista publikoan norbaitek halakorik bota ezkero sortuko zen zalapartan pentsatu nuen. Gizarte sareetatik komunikabide konbentzionaletara salto egingo zuen gaiak eta adierazpen publikoak etorriko ziren gero, aurkezlearenak zein telebista publikoarenak, sentsibilitate falta eta egindako okerretatik ikasteko borondatea azpimarratuz.

Xenofobia eta arrazakeriarekin amaitzeko keinu hutsalak dira, ados, eta horregatik jarraitu behar da protesta egiten, komunikabide publikoek (eta publikoak ez direnek) ahalbidetzen dituzten diskurtsoengatik erantzukizuna eskatzen. Saioan zehar aurkezle berak mexikarren eta galiziarren hitz egiteko moduak imitatu zituen eta jatorriz Argentinakoa zen lehiakide baten azentuaz ere trufatu zen. Honezkero barkamen hitzak ez lirateke nahikoa izango; neurri zorrotzagoak eskatuko zituzten herrialde batzuetan. Baina ETB2n ez da horrelakorik gertatzen. Dena da zilegi “umorearen” izenean.