Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erakustalditik erakustaldira, Elordi eta Zabaletak harrapaezinak dirudite

Laso eta Imazek, iazko azpi txapeldunek inpotentzia ariketa bat pairatu behar izan zuten atzo, goraino bete zen Beotibarren, txapelketako liderren erauntsiaren aurrean. Aspeko bikoteak dagoeneko bi puntutako zuloa ireki du bigarren sailkatuekiko.

Erabat ezinean aritu zen Ander Imaz, Elordi eta Zabaletaren erauntsiaren aurrean.
Erabat ezinean aritu zen Ander Imaz, Elordi eta Zabaletaren erauntsiaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako hau oso luzea dela eta txapelak udaberrian, apiril aldera, banatuko direla da gaur egun Binakako Txapelketa honetan dauden zortzi bikoteetatik zazpiri oraintxe geratzen zaien kontsolamendu nagusia eta ia bakarra. Izan ere, orain arte ikusitakoaren arabera, Elordi-Zabaleta gainontzekoengandik koxka bat, edo bi, gorago daude. Zenbakiak argiak dira: bost partida jokatuta, bi puntutako zuloa ireki dute sailkapeneko bigarrenekiko, Tolosan iazko txapeldunordeak, Laso-Imaz, 22-8 zanpatuta.

Mallabitarrak eta Etxarrendarrak ere horixe izango dute kezka iturri nagusia, ez ote duten sasoi punturik onena behar baino lehenago harrapatu, momentuz, euren jokoan inolako arrakalarik erakutsi gabe jarraitzen dute eta. Aurreko asteetan bezala, aitaren batean utzi zuten erabakita Laso-Imazen aurkako lehia.

Hasiera ikaragarri batean, Aspekoek nahikoak izan zituzten 15 minutu lan erdietara 11-2 aurretik heltzeko, erakustaldi izugarri bat eman ostean. Dentistarengana joatearen antzeko tramite deseroso bat balitz bezala -«bagenekien zertara gentozen», aitortu zuen Unai Lasok-, aspaldi bizi gabea zen inpotentzia ariketa baten ostean. Izan zuen Bizkarreta-Gerendaingoak, harrotasun oldarraldi batean, aurkariak mugitu eta euren konfort gunetik atera zituen une bat, baina partidaren gehienean defentsa lanetan hustu behar izan zuen txapeldunak aurkarien erauntsiaren aurrean.

GOITIK BEHERA NAGUSI

Izan ere, partida hasi zen unetik bertatik Aspeko bikotea erabat nagusi izan zen, jokoan zein markagailuan. Tolosakoa bezalako pilotaleku noble batean zaila da Jose Javier Zabaletari aurre egitea, eta atzo Ander Imazi erabat ezinezkoa egin zitzaion etxarrendarrari eustea. Binakakoa zalantzaren batekin hasi bazuen, asteak joan eta asteak etorri eta kantxan eroso sumatzen dugu nafarra, pilotakada bakoitza gozatuz.

Eta zer esan Aitor Elordiren inguruan? Bada, mallabitarra ere asko gozatzen ari dela bere estreinako Binakakoan. Jar ziezaioketen lagunik onena da Zabaleta bizkaitarrarentzat, baina alderantziz ere berdin esan genezake. Aurkariei gertatzen zaienaren kontra, Elordik ez du erasoan arriskatu beharrik, badaki bere atzelariak, lehenago edo beranduago, aukera on bat sortuko diola; eta, heldutakoan, asko asmatzen ari da.