Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
OSASUNA

«Arreko magoak» talde gorritxoa utziko du 18 urteren ostean

Roberto Torresek ez du datorren urtean Osasunan jokatuko, bi aldeak kontratua eteteko akordiora ailegatu ostean. Hemezortzi denboraldi egin ditu Iruñean. Etzi Sadarren egingo dio klubak agur ekitaldia, 13.30ean, eta ateak irekita izango da.

Roberto Torres, Sadarren gol bat ospatzen, duela bi denboraldi, Bartzelonaren aurka.
Roberto Torres, Sadarren gol bat ospatzen, duela bi denboraldi, Bartzelonaren aurka. (Iñigo URIZ | FOKU)

Magia amaitu da Sadarren, beste jokalari batek lekukoa hartzen dion arte, gutxienez. Roberto Torres (Arre, Nafarroa, 1989) Osasunako kapitainak ez du taldean jarraituko. Joan den udan Oier Sanjurjo taldeko beste erreferente eta kapitainetako batek agur esan zion klubari, eta urte berria ate joka dela, Torresen txanda iritsi zen atzo. Klubak sare sozialetan kaleratutako ohar baten bitartez jakinarazi zuen bi aldeak kontratua eteteko akordio batera ailegatu direla.

Kapitain handiari agur esan ahalko diote zaleek etzi, Urteberri-egunean, Sadarren. Izan ere, 12.00etan entrenatuko da taldea, eta 13.30ean egingo dio klubak agur omenaldia, ateak irekita. Arrekoak hemezortzi denboraldi egin ditu Iruñean; horietako hamabi lehen taldean. Eta litekeena da iragan astean Arnedoren aurka jokatutako neurketa izatea haren azkena elastiko gorritxoarekin.

“Arreko magoa“ klubean arrastoa utziko duen jokalaria izango da: elastiko gorritxoa gehien jantzi duten jokalarien artean zazpigarrena da, 353 neurketa jokatuta eta 60 gol sartuta. Osasunako historiako seigarren golegile handiena da, gainera.

16 urte besterik ez zituela iritsi zen Taxoarera, Txantreatik, hain zuzen ere. Bost denboraldi egin zituen Osasunako Promesas taldearekin Bigarren B Mailan, eta bertan egindako lanak saria izan zuen, 2011ko abenduaren 11n egin baitzuen debuta gorengo mailan, Malagaren aurka, Rosaledan (bana amaitu zen partida hura).

Hala, denboraldiz denboraldi zelaian gero eta pisu handiagoa zuen jokalaria bilakatu zen, eta, aldi berean, jarraitzaileek harekiko zuten begirunea ere handitzen joan zen. Teknikoki jokalari trebea zen, dotorea, baina bereziki gogoratua izango da estrategia jokaldietan eta erdiraketetan zuen abileziagatik.

HITZ ONAK BESTERIK EZ

Klubak kapitainarentzat hitz onak besterik ez ditu: «Bere bihotzeko klubarekiko leiala izan zen urterik gogorrenetan, eta 2016an eta 2019an lortutako igoeretan eragile nagusia izan zen. Bi sasoi horietan hamabi gol sartu zituen, aurrelariaren atzetik jokatu arren». Osasunari maila gorenera igotzen lagundu zion, baina are jokalari erabakigarriagoa izan zen hurrengo hiru sasoietan. Izan ere, Iruñeko taldearen helburua zen Lehen Mailan mantentzea, eta xede hori erdiesteko pieza garrantzitsuenetako bat izan zen. Guztira 108 neurketa jokatu zituen hiru denboraldi horietan.

Azken bi denboraldietan, baina, gutxika-gutxika Torresen protagonismoak nabarmen egin du behera. Horren adierazle da sasoi honetan Ligan soilik bederatzi minutu jokatu izana. Hala ere, berdegunean ekarpen askorik egiteko aukera izan ez badu ere, aldagelan izan duen pisua ukaezina da.

Osasunak Torresen bideo hunkigarri bat kaleratu zuen atzo sare sozialetan, eta bertan kapitainak dio «pribilegio bat» izan dela elastiko gorritxoa janztea: «Sadarren jokatzen nuen bakoitzean, irabazteko ez ezik, zuengatik -zaleengatik- ere jokatzen nuen» . Horrez gain, Arrakoak nabarmendu du bere egitekoa zela Osasuna «dagokion lekuan uztea», eta betebehar hori «eginda» doala taldetik. Jokalariak aurrerantzean non jokatuko duen ez du argitu.