GARA Euskal Herriko egunkaria
XAKEA

Khadem xakelaria hijaba gabe aritu da Munduko Txapelketan

25 urteko Irango xakelaria ez da izan herrialdean erregimenari hordagoa jo dion bakarra. Beste zenbait emakumek urrats hori egina dute, eta askok Teherendik alde egin behar izan dute.

Khadem, Munduko Txapelketako lehia batean. (Lennart OETES | FIDE)

Iranen asko dira erregimenaren aurka ahotsa altxatu duten emakume xakelariak. Horretan azkena Sara Khadem izan da. 25 urte besterik ez ditu, eta askoren ustetan herrialdeko xakelari onena da. Joan den astelehenean hasi zen eta atzo bukatu zen Munduko Xake Txapelketa Almatyn (Kazakhstan), eta Khadem hijabik gabe aritu da. Iragan irailetik herrialdean protestak ugariak dira beloa nahitaez erabiltzearen aurka.

Iranen xakeak urteak daramatza erregimenari aurre egiten, eta borroka horren erakusle da kirol horretako zenbait izarrek herrialdetik alde egin izana. Orain galdera da zer egingo ote duten agintariek Khademekin. Horren inguruan hitz egin du Shohreb Bayat Irango xakelariak. “El Correo” egunkariari jakinarazi dionez, ez daki zer egingo duen 25 urteko irandarrak txapelketa amaitu ostean: «Erabakitzen duena familiaren araberakoa izango da, batez ere haurraren araberakoa. Izan ere, umea herrialdetik ateratzea lortu badu, uste dut ez dela itzuliko».

Horrez gain, Bayatek azaldu du Khademek Almatyra joan aurretik dokumentu berezi batzuk sinatu behar izan zituela, eta lehenago ere eragozpenak jarri zizkiotela bidaian. «Xakea garuna lantzeko kirol bat da, eta hori baduzu, ezin dituzu aiatolen aginduak bete», aldarrikatu du Bayatek.

Berak ere derrigortuta alde egin behar izan zuen herrialdetik. 2020an Txinako txapelketa batean epaile aritu zen, eta bere argazki bat argitaratu zuten beloa sorbalden gainean zuela. Arrazoi horregatik, Irango agintarien zigorra jasotzeaz gain, barkamen gutun bat idaztera behartu zuten. Xakelariak, baina, gutuna ez idaztea erabaki zuen. Ordutik ez du hijaba gehiago jantzi, baina etxera ere ez da itzuli. Egun Erresuma Batuan bizi da errefuxiatu gisa.

Khademek Munduko Txapelketan zenbait partida jokatu zituen, eta horietako batean, Maistra Handia den Atusa Purkaxijan herrikidearen aurka aritu da. Azken horrek ere herrialdetik alde egin zuen orain dela urte batzuk, eta orain AEBetan dago. Geroztik, hijaba gabe lehiatzen da.

Alireza Firouzja xakelariak ere bizi izan zuen halako egoera bat arrazoi politikoak zirela medio. Teheranek israeldarren aurka ez jokatzeko agindu zion xakelariari, eta azken horrek uko egin zion agindutakoari. Hala, 2021. urteaz geroztik Frantziarekin lehiatzen da.